Ahalduntze Bertso Eskola Feminista

2015-2016 ikasturtean egin zen lehendabizikoz. Konpromisoan, esperimentazioan eta aniztasunaren oinarrien gainean egiten da lanketa.

Bertsolaritzan emakumeak plazan izateak duen garrantziaz jabeturik, eta emakumeen jendaurreratzean ematen diren ezaugarri orokorrak kontuan hartuta, bertsolari bezala aurrera egin nahi duten emakumeentzat lagungarri izateko sortu zen Ahalduntze Bertso Eskola Feminista.

Hamargarren ikasturtea izango du 2024-2025an. Hemen informazioa

 

Oinarriak

Zimendu hauen gainean egiten da lanketa:

  • Konpromisoa. Ikasturte osoan zehar saioetara etortzea eta dinamikan parte hartzea eskatuko zaie bertso-eskolan izena eman duten partaideei.
  • Esperimentazioa da bertso-eskola honen oinarria. Metodologia ere egokitzen joango gara taldearen bilakaeraren arabera.
  • Aniztasuna. Emakumeen arteko eta ikuspegien arteko aniztasuna eta errespetua oinarri izango da, epairik gabeko begirada landuz. Zaintza erdigunean jarriko da.

 

Ahalduntze Bertso-Eskola collage

 

Ibilbidea

Egitasmo honen sorrera bertso munduko emakumeen bi topaketei esker bideratu zen: 2013an, Artaunsoroko topaketan, emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak bistaratu ziren, eta 2014an, Askizuko topaketan, egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortzeko beharra azpimarratu zen. Hala, emakume bertsolarien plazaratzea sustatzeko asmoz, Bertsozale Elkartean erabaki zen ahalduntze prozesua bertsotan ere bultzatzea.

Halaxe sortu zen Ahalduntze Bertso Eskola Feminista: bat-batean egin nahi duten emakumeentzat, bertsolari bezala aurrera egiten laguntzeko. Espazio berri hori emakume bertsolarien parte hartzearekin diseinatu zen.

2015-2016 ikasturtean egin zen lehendabizikoz, eta geroztik ikasturtero egin da. Hilean behineko maiztasunarekin elkartzen da taldea, larunbat goizez, Amasa-Villabonako Subijana etxean (Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan). 2019-2020 ikasturtean, bertsolarientzat ez ezik, gai-jartzaileentzat ere izan zen Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Hurrengo ikasturtean berriro ere bertsolariei eskaini zitzaien soilik, parte-hartzaile kopurua mugatu behar izan baitzen pandemiagatik; dena den, gai-jartzaileekin abiatutako bidean jarraitzeko, gai-jartzaileentzat espresuki sortutako eskaintza ere osatu zen 2021 urtearen hasieran.

Gai-jartzaile lanetan, urte ezberdinetan, Ainhoa Aranburu, Arkaitz Goikoetxea, Amaia Agirre, Maite Berriozabal eta Aintzane Irazusta aritu dira.

2020ko urtarrilaren 12an, Ahalduntze Bertso Eskola Feministari buruzko saioa egin zuen Hitzetik Hortzerak [sakatu bideoa behean].