Eskolartekoa 2018

Lurraldeetan lehen urratsak eginda, ekainaren 9an Saran egin da Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala.

Udaberria iristerako emanak zituen lehen pausoak 2018ko Eskolartekoak. Lurralde mailako ekintzak gauzatu ditugu lehendabizi Ikastolen Elkartea eta Bertsozale Elkartea elkarlanean, haurrei eta gazteei jendaurrean bertsotan egiteko espazioak eskainiz. Azkenik, Euskal Herri mailako Eskolarteko bat-bateko Txapelketa gauzatu da Saran.

2018-06-09 Sara

EUSKAL HERRIKO BAT-BATEKO TXAPELKETAKO FINALA ETA FESTA

Aurreko urteko esperientzia errepikatuz Saran izan da, ekainaren 9an. Egun osoko festa antolatu da.

11:00etan, bat-bateko txapelketaren finala gauzatu zen Sarako trinketean. 15-18 urteko 13 gaztek hartu zuten parte:

Bi atal izan ditu saioak. Hasierako agurraren ondotik, binaka aritu dira zortziko handian zein txikian; eta gero, puntuazioz sailkatutako lehen seirek bakarkako ariketak egin dituzte, puntua emanda eta gaia emanda zortziko txikian eta 5 puntuko neurrian hurrenez hurren, eta bukaerako agurrarekin amaitu dute.

Julene Etxeberri eta Ainhoa Sarasua izan dira gai-jartzaile eta aurkezle. Epaileei dagokinez, Aitor JimenezArkaitz GoikoetxeaEneritz AzkueJoakin Arregi, Jurgi Fuentes eta Lierni Elortza aritu dira; Ane Errazkin, idazkari. Egitasmoaren 30.urteurrena tarteko, Mikel Mendizabal bertsolari eta Ikastolen Elkartean bertsolaritza sustatzaile arduratan aritu denak jantzi dio txapela irabazleari, Gorka Pagonabarragari.

Saioaren ondotik festak jarraipena izan zuen Lur Berrin. Besteak beste, bazkaria eskaini zen lehendabizi Idokiren eskutik, 14:00etan. Bazkaria eta gero, Saran'ga txarangaren emanaldia izan zen.

LURRALDEETAKO ESKOLARTEKOAK

Lurralde bakoitzak bere txapelketa izan du. Bat-batekoari dagokionez, zenbait lurraldek kanporaketak egin dituzte eta finala, kasu batzuetan, Bertso Eskolen Egunarekin batera gauzatu da.

Gipuzkoan izan dira goiztiarrenak. Bat-bateko txapelketari dagokionez, otsailaren 16an hasi zen egitasmoa Zestoan, eta ostiralero egin dira kanporaketa saioak martxoaren 16ra arte. Idatzizkoan ere saio bat baino gehiago egin dira Gipuzkoan, eskualdeka.

Bizkaian ere bat-bateko saioetan kanporaketa saioak egin dira, eta idatzizkoa ere bat-bateko finalarekin batera gauzatu da.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan bi kanporaketa saio egin dira, finalaren aurretik.

Araban eta Nafarroan saio bana egin dira bat-batekoari dagokionez. Egun hori Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatzeko baliatu dute, gainera, arabarrek; espresuki Araban bertsolaritza sustatzeko abian den egitasmoa da hori. Bestalde, idatzizko txapelketa ere egin da han eskualdeka eta finala maiatzaren 26an egingo da Gasteizen; ekitaldi berean egingo dute haurrek bat-batean.

Eskolarteko azken eguneko jaiak eta Bertso Eskolen Egunak

  • Gipuzkoa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala apirilaren 20an, Lasturren || Bertso Eskolen Eguna maiatzaren 6an, Tolosan
  • Nafarroa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala apirilaren 20an, Iruñean || Bertso Eskolen Eguna maiatzaren 6an, Leitzan
  • Bizkaia. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala zein Bertso Eskolen Eguna maiatzaren 6an, Balmasedan
  • Araba. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala (gazteena) zein Bertsoa Bizi Gazte Eguna maiatzaren 12an, Legution | Eskolarteko bat-bateko txapelketa (haurrak) maiatzaren 26an, Gasteizen
  • Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa. Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finala zein Bertsu Eskolen Eguna maiatzaren 19an, Hazparnen
  • Eskolarteko bat-bateko txapelketaren Euskal Herriko finala eta festa ekainaren 9an, Saran