Eskolartekoa 2020
Hiru hamarkadatako bidea egin du egitasmoak lurralde guztietan modu bateratuan egiten denetik, eta 32. aldia izan da 2020koa. Idatzizko zein bat-bateko txapelketak egin ohi dira Euskal Herriko ikastetxeetan; aurtengoa ezohikoa izan da, ordea, pandemia tarteko.
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak gauzatzen dugu elkarlanean bat-bateko egitasmoa; 14-18 urteko gazteek hartu ohi dute parte horretan.
Otsailean hasi zen 2020ko Eskolartekoa, Gipuzkoan egin ziren zenbait kanporaketa saiorekin. Martxoan, ordea, eten egin behar izan zen pandemiaren eraginez, eta, udazkenean berrekin genuen egitasmoa.
Lurralde bakoitzak bere txapelketa izan zuen, eta bat-batekoari dagokionez, zenbait lurraldek saio bat baino gehiago egin zituzten: Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako eskolartekoek, kasu. Araban, bi egun gordetzen dituzte adin tarte ezberdinentzat, eta hala izan da 2020koan ere; gazteenek online egin zuten udaberrian.
Eskolatik Plazara
Saran hirurtekoa eginda, Euskal Herriko finala Abadiñon egitekoa zen aurten, azaroaren 14an. Azkenean, ordea, bertan behera uztea erabaki dugu antolatzaileok baldintzak aintzat hartuta. Lurraldeetan, ordea, gauzatu ziren saioak.
Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten bertsolari finalistek Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak bultzatutako Eskolatik Plazara ekimenean hartu dute parte: plazan ohikoak diren bertsolariekin, hiru saio egin dituzte.
Eskolarteko saioak |
|