Eskolartekoa

Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko, harremanak egiteko, euren hurbilekoak bertsozaletzeko eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikasteko da Eskolartekoa: bertso merenduek, saio didaktikoek, idatzizko sariketek zein bat-bateko txapelketak osatzen dute ekimena.

2014ko eskolartekoaren irudia

Eskolarteko txapelketaren helburuak, sorreratik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.

 

2014an Euskal Herriko bertso-eskolekin Eskolartekoari buruzko gogoeta bideratu zuten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, eta elkarrekin egindako prozesu horretan finkatu ziren egun Eskolartekoak dituen oinarri nagusiak.

  • Txikientzat lehiarik gabeko saioetan kantatzeko aukerak

Lehiarik gabeko saioetan kantatzeko aukera dute 15 urtetik beherako gazteek. Horretarako ekimen ezberdinak egiten dira: bertso merenduak, saio didaktikoak edo Bertso Eskolen Egunetan bertso-eskolek prestatutako emanaldiei eskainitako tarteak, kasu.

  • Bat-batekoan, txapelketa

15-18 urteko gazteei begirakoa da bat-bateko txapelketa. Gazteak bertsolariaren zereginetara soilik mugatu gabe, aukera ematen zaie nahi duten rolean parte har dezaten: bertsolari gisa, edo gai-jartzaile rolean, zein antolakuntzan ardurak hartuz.

Gazte horientzat hurbila eta erakargarria izango den txapelketa formatuak bilatzea izango da Eskolartekoak etengabe egin beharreko bidea.

  • Bertso Eskolen Egunekin lotuz

Lurraldeetako bat-bateko txapelketako finalak, Bertso Eskolen Egunekin lotzen dira gehienetan.

Hala, Bertso Eskolen Egunean lurraldeetako bertso-eskolek aukera izan dute bat-bateko finaleko saioa ikusteko, eta ostean elkarrekin bazkaltzeko zein jolasetan edo kantaldietan harremanak egiteko.

Bertso-eskola guztien festa izaten dira lurraldeetako finalak. Kopuruz jendetsuak, eta bat-bateko bertsoek zein lurraldeko bertsolari gazteek beren lekua beteaz ekimenean.

 

2022ko Eskolartekoari buruzko informazioa, hemen

Zer da Eskolartekoak eragin nahi duena, partaideengan? 

Haur eta gazteei: beren neurriko saioak eskaintzea, rol anitzetan aritzeko bide ematea, adinkideekin harremanak egitea eta bertsolariekin zuzeneko harremana izatea.

Bertso-eskolatan: bertsotan egiteko motibazioa piztea, rol ezberdinak lantzeko bide ematea, saioen antolakuntzan trebatzeko aukera bat izatea, beste bertso-eskolekin harremanak egitea, eta taldelana zein bakarkakoa uztartzea eta biei balioa emanaraztea.

Inguruan (adinkideengan, gurasoengan, ikastolan, herrian): adinkideak ekimen hauetara erakartzea eta zaletzea, herriko bertso-eskola ezagutzera ematea eta herrian bertso ekimenak sustatzea.