Bertsozale Elkartea
Bertsozale Elkartea bertsolaritza geroratzeko sortutako gizarte mugimendua da. 1987. urtean sortu zen, eta, bertsolaritzaz arduratzen diren bestelako eragile guztiekin batera, bertsolaritza zaintzea, sustatzea, ikertzea eta haren transmisioa eta etorkizuna bermatzea da beraren egitekoa.
Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta kontuan hartzen ditu tokian tokiko hizkuntzak eta gizartearen egoerak eta premiak.
Kokapena
Ezagutu hemen Bertsozale Elkartearen ibilbidea
Gizarte mugimendu gisa, bere baitan ardaztuta eta autonomiaz funtzionatzen du. Elkartearen balioetako bat gizarte, administrazio eta enpresa erakundeekin lankidetzan aritzea da, beren kultur proposamenen garapenean parte hartuz eta ekarpenak eginez.
Gure proiektua gehiago ezagutu nahi? |
Eragin eremuak
Kulturgintzan eta euskalgintzan eragitea da Bertsozale Elkartearen asmoa, bertsolaritzaren geroratzea kulturgintzaren eta euskalgintzaren geroratzeari loturik baitago.
Euskarazko kultur adierazpide gisa, kultur sorkuntzan, eragiletzan eta diskurtsoan indar gehiago jartzea da Elkartearen nahietako bat, eta, aldi berean, eragile mota guztiekin lankidetzan aritzea.