Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak jantziko diote txapela Bizkaiko Txapeldunari
Lehenengo bider, lagun bik batera jantziko diote txapela Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari. Horrelaxe ibili dira urte luzeetan Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita: elkarrekin eta taldean beharrean.
Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailearen erabakia izan da. Biak dira urte luzez talde horren parte eta, aurten, eurak omentzea erabaki dute beste kideek. Elkartetik urte guzti hauetan egindako ekarpena azpimarratu nahi izan da. Izan ere, nabarmentzekoa da bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan. Eta hori hain ondo ulertuta, taldeari egin dioten ekarpena ere, azpimarragarria da: Elkarteko zuzendaritzari eta, bereziki, Txapelketako Talde Antolatzaileari.
Biek batera txapela jaztearekin taldean egiten denak duen balioa azpimarratu eta sinbolizatu gura izan du Elkarteak eta hori biek erakutsi digute.
Ibilbide oparoak
Taldekoa bai, baina Bizkaiko Bertsozale Elkateak bien ibilbide pertsonala ere goraipatu nahi izan du, euren inguruan zein Bizkaia osora begira egin duten lana.
Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarra da. Eskualdean egindako eragiletza beharraz gain, Bizkaia mailan, 2000 urtean hasi zen Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean beharrean eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Elkarteko Zuzendaritza Batzordean ere urteetan ibili izan da.
Bertsolari moduan ezagutu genuen Moises Enbeita Ealo muxikarra, baina plazatik atzeko beharrera pasa zen gero. 2000 urtean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile-lanean hasi zen. Harrezkero, Zuzendaritza Batzordean eta Talde Antolatzailean aritu izan da.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 18an izango da Bilbon. Hantxe ikusiko ditugu Joseba eta Moises, borondatezkoen petoak alde batean utzi eta txapeldunari txapela jazten.