Historia
1981ean Xabier Amurizak eratutako bertso eskola ereduaren harira, urte bira, 1983an sortu zen Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea. Geroago, Santutxuko Bertso Eskolak hartu zituen haren zereginak. Bi bertso eskolak bat eginik sortu zuten 1993ko apirilean Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Bertso eskoletan egindako eragiletza lanari gehiago gehitu zitzaizkion gero: zabaltze lanak, ikerkuntza lanak, edota hezkuntza arautuan egiten diren lanak, besteak beste.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren historia Elkartearen aurretik hasi zen, ordea, 1958an. Dena dela, gerra aurretik ere sariketa bi antolatu ziren Bizkaian: 1929an Mungian, eta 1930ean, Getxon.
1958an hasi eta 1966ra bitartean Bizkaiko zazpi txapelketa antolatu ziren Euskaltzaindiaren eskutik. Ostean 21 urteko etena etorri zen, eta hurrengo Txapelketa 1987koa izan zen. Dena dela, 1987ko Txapelketa Araba-Bizkaiko Txapelketa izan zan, eta horrela izan zen, 2000. urtera arte. Orduan arabarrek euren bidea egitea erabaki zuten, eta 34 urteren ostean, berriro ere Bizkaiko Txapelketa egin zen. Egitura ere bere sustraietara bueltatu zen, eta Eskualdeetako Txapelketak berreskuratu ziren, gainera.
2000. urtetik aurrera ahalegin handia egin du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak sustapenaren arloan. Horrela, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa elikatzeko lanak egin dira bide desberdinetatik. Azken urteetan ahalegin berezia jarri da talde teknikoen sendotze lanean: gai-jartzaile, epaile, komunikazio talde eta talde antolatzaile zabal eta anitzak lortzeko bidean.
2016ko Txapelketan eskualdeko txapelketen ordez Udabarriko Fasea gehitu zaio Bizkaiko Txapelketari (eskualdeko Txapelketa independenteak antolatzen dira).