Onintza Enbeita 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldun
Bete-bete egin da gaur arratsaldean Bilbao Arena Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean: 4.350 lagun elkartu dira zortzi bertsolariren lana entzutera.
Zortzi bertsolariek hainbat ariketa egin dituzte. Lehenengo atala amaitu denean, Etxahun Lekuek eta Onintza Enbeitak lortu dute puntu gehien batzea eta eurek kantatu dute buruz-burukoan. Azkenean, Enbeitak jantzi du txapela Jon Enbeitaren eskutik. Horrela geratu da sailkapena:
- Onintza Enbeita Maguregi 843,5
- Etxahun Lekue Etxebaria 814,5
- Xabat Galletebeitia Abaroa 493
- Jone Uria Albizuri 489
- Nerea Ibarzabal Salegi 489
- Miren Amuriza Plaza 486,5
- Eneko Abasolo Txabarri 'Abarkas' 463,5
- Aitor Bizkarra Ruiz 461,5
Gai emaile beharretan Idoia Anzorandia Kareaga eta Maite Berriozabal Berrizbeitia aritu dira. Epaimahaia, ostera, hurrengoek osatu dute: Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga aritu da.
Jon Enbeitak ipini dau txapela, eta beste sariak, bertso munduagaz lotura zuzena duten lau lagunen eskutik jaso dituzte finalistek. Hurrengoak izan dira: Miren Loizaga Algortako Bertsolari Eskolako eragilea nekaezina; Joserra Bilbao Bilboko plazetako eragile, Santutxuko bertso eskolako kide eta BBK Sariketaren sustatzailea; Leire Bilbao idazlea, bertso munduan hasi eta orain literaturaren munduan dabilena; eta Pilare Baraiazarra bertsozaleetan bertsozaleena, plazarik plaza ibiltzen dena beti. Txapeldunari makila Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Elkarteko lehendakariak eman dio Onintza Enbeitari.