'Zortzi puntutan: Lea-Artibaiko girotze saioa', giro ederrean
Abenduaren 12an, Ondarroan, bazkari bueltan batu ziren bertso zaleak Arrigorri ostatuan, eta ostean Lea-Artibaiko girotze saioa egin zuten, giro ederrean, aurretik eta ostean trikitilariek lagunduta.
Saio honen helburu nagusia, 2016an Bizkaiko Bertsolari Txapelketan lehenengoz kantatuko dutenentzako tranpolina izango zen girotze saioa antolatzea izan da. Bertsolariak: Eneko Arrate, Aissa Intxausti, Iñaki Lersundi, Bikain Urkidi, Aitor Ruiz eta Alexander Idoeta izan ziren eta gai jartzailea berriz Esti Alberdi.
Bertsolariak zortziko handian, txikian, oinak emanda eta puntuari erantzuteko ariketak egin zituzten. Epaile lanak publikoak egin zituen, horretarako, papertxo batzuk banatu ziren zaleen artean. Publikoaren erabakiz, beraz, buruz burukoa Aissa Intxaustik eta Eneko Arratek jokatu zuten. Hauek kopletako ariketa egin zuten lehenengo, trikitilariek lagunduta eta ostean bakarka ariketa.
Azkenean, publikoak halan erabakita, Eneko Arrate izan zen irabazlea. Sari moduan, ileorde bat jantzi zion Ondarruko Bertsutan Bertso eskolako kide batek.