Zilekoa; Bizkaiko Bertsolaritzaren inguruko neska gazteen topalekua
Zilekoa Bizkaiko emakume gazteen talde berria da. Udazkenean egin zuten lehenengo zita Larrabetzun, eta zapatu honetan Durangon batu dira.
Proiektuaren zuzendariak Oihana Bartra eta Miren Amuriza dira. Oihanari eta Mireni Zilekoa zer den galdetu diegu.
Parte hartzaile batzuk ere esan digute zertan ari diren. Hemen Enare Muniategi, Maider Barañano eta Aissa Intxaustiren berbak.
Larrabetzun, besteak beste, izena ipini zioten egitasmo berri honi, eta Durangon, hitzak eta doinua. Horrez gain, zapatuan Miren Artetxerekin solasaldia izan dute, eta Mirenek bere esperientzia konpartitu du gazteekin.
Udaberrian beste hiru aldiz batzeko plana ere eginda dago honezkero, eta sorpresa asko tarteko, hurrengo saioan Kattalin Miner etorriko da, eta hurrengoan Maialen Lujanbio.
Baina Zilekoa zer den argi ikusteko, hemen taldeak egindako sorta ederra:
Emakumeontzat zila
da gorputzaren zentroa,
gure erdigune izan daiten
sortu dogu ZILEKOA.
Ziletatik ziletara
eraikiz hamaika zubi,
ikasiz ta irakatsiz
zuk niri eta nik zuri.
Beldurrak zelan gainditu
galdez geure buruari,
zelan eutsi oholtza ganin
gure hanken dardarari?
Plaza grisak aldatzeko
gure aliantza morea,
barrutik ateratzeko
badaukagun adorea.
Fama ez daukagun arren
oso graziosak gara,
ta ezin baduzu ulertu
arazoa zeurea da.
Asko gozatu daiteke
umore morearekin,
gonbidatuta zaudete
barrez lehertzera gurekin!