Uribe Kostak irabazi du XXV. BBK Sariketaren 3. kanporaketa

2017/03/15
Sopelako Ander Deuna ikastolan jokatu da BBK Sariketaren 3. kanporaketa gaur goizean; Uribe Kostako taldeak eta Hego Uribekoak kantatu dute, eta Uribe Kostak lortu du puntu gehien batzea.

Uribe Kosta eta Hego Uribe taldeek jokatu dute Bertsolari Gazteen XXV. BBK Sariketaren hirugarren kanporaketa gaur Sopelako Ander Deuna ikastolan. Aretoa ikaslez bete-bete egin da. Uribe Kosta taldeak egin du aurrera 396 puntugaz; Hego Uribe taldeak 345,5puntu lortu ditu.

Honako hauek izan dira gaurko saioan parte hartu duten 12 bertsolariak:

  • 18 urte artekoetan:
    • Uribe Kosta taldean: Naroa Torralba, Aritz Landeta eta Maider Barañano
    • Hego Uribe taldean: Eztizen Artola, Irati Antepara eta Unai Foruria
  • 24 urte artekoetan:
    • Uribe Kosta taldean: Inazio Vidal, Paule Loizaga eta Kerman Diaz
    • Hego Uribe taldean: Ander Anakabe, Asier Urkiza eta Enare Muniategi

Gaurko saioko aurkezlea Beñat Vidal izan da eta epaimahaia Juango Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristik osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Maddi Ibaibarriaga ibili da.

Kanporaketa irabazita, bigarren fasera pasatuko da Uribe Kosta taldea, eta martxoaren 28ko finalaurrekoan kantatuko du, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan.

Sariketako hurrengo kanporaketa datorren astean, martxoaren 21ean jokatuko da Markina-Xemeingo Kultur Aretoan, 10:30ean, Lea-Artibai eta Uribe Butroe taldeen artean.