Uribe Kosta taldeak irabazi du XXIX. BBK Sariketa
Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finala gaur arratsaldean jokatu da Bilbon Uribe Kosta eta Lea Artibai taldeen artean. 443,50 punturekin irabazi du sariketa Uribe Kosta taldeak. Lea Artibai taldeak 441,5 puntu batu ditu.
Gaurkoan ondorengo 12 bertsolari gazteak izan dira protagonistak:
-
Uribe Kostatik:
-
18 urtera artekoak: June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago
-
26 urtera artekoak: Mikel Arrate, Oihan Diaz eta Peru Irastorza
-
-
Lea Artibaitik:
-
18 urtera artekoak: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga
-
26 urtera artekoak: Aissa Intxausti, Garazi Navarro eta Naia Ibarzabal
-
Azkenengo ediziotan egin den moduan, aurten ere, taldekako agurrekin hasi dute saioa bertsolariek, eta elkarri adarra joaz girotu dute aretoa. Taldeko agurra puntuagarria izan da, eta ariketa bat gehiago moduan puntuatu dute epaileek.
Bestalde, sariketako kantaera onenaren saria Uribe Butroeko Jokin Arriolak jaso du.
Gaurkoan Igor Menikak egin ditu aurkezle beharrak. Epaimahaia Beñat Romerok, Leire Etxebarriak eta Miriam Juaristik osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Idoia Anzorandia Kareaga aritu da.
Sari banaketa ekitaldian Koldo Bilbao BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Ainhoa Markinez Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartu dute parte. Gaurko protagonistez gain, oholtzara igo dira sariketan parte hartu duten eta saioan egon diren gainontzeko eskualdeetako ordezkariak ere, eta opari bana jaso dute.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zorionak eman gura dizkie aurtengo BBK Sariketan parte hartu duten guztiei. Bereziki bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari.