Uribe Kosta ere, finalaurrekoetara

2018/03/06
Lea-Artibai eta Uribe Kosta taldeek jokatu dute XXVI. BBK Sariketaren laugarren eta azken kanporaketa Markina-Xemeingo kultur aretoan; Uribe Kosta izan da puntu gehien batu dituen taldea.

BBK Sariketaren lehenengo fasea amaitu da. Gaur jokatu da laugarren eta azken kanporaketa Markina-Xemeingo kultur aretoan, eta Lea-Artibaiko eta Uribe Kostako taldeek kantatu dute saioan. Publikoan, herriko ikastetxe bietako ikasle eta irakasleak egon dira,

Lea-Artibaiko taldeak 343 puntu batu ditu, eta Uribe Kostako taldeak 390,5. Beraz, Uribe Kosta taldea izango da aurrera egingo duena, eta bigarren finalaurrekoan kantatuko duena Hego Uribe taldearekin.

Honako hauek izan dira gaurko saioan parte hartu duten 12 bertsolariak:

  • 18 urtera artekoetan:
    • Lea-Artibai: Antton Bereziartua, Eneko Barruetabeña eta Bittor Altube
    • Uribe Kosta: Aritz Landeta, Maider Barañano eta Naroa Torralba
  • 24 urtera artekoetan:
    • Lea-Artibai: Alexander Idoeta, Aitor Ruiz eta Nahia Ibarzabal
    • Uribe Kosta: Paule Loizaga, Unai Mendiburu eta Kerman Diaz

Gaurko saioko aurkezlea Ainhoa Urien izan da, eta epaimahaia Inazio Vidal, Juanjo Respaldiza eta Miriam Juaristik osatu dute. Idazkari beharretan Maddi Ibaibarriaga aritu da.

Laugarren kanporaketa jokatuta, osatuta geratu dira finalaurrekoak. Lehenengo finalaurrekoa martxoaren 12an jokatuko da Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan eta Durangaldeko eta Busturialdeko taldeek kantatuko dute. Bigarren finalaurrekoa Sopelan jokatuko da martxoaren 13an, eta Hego Uribe eta Uribe Kosta taldeek hartuko dute parte.

Finala Bilbon izango da martxoaren 22an, BBK Salan, 19:00etan.