Udabarria Bertsotan atzeratu egingo da

2020/04/28
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea maiatzean zen jokatzekoa baina daukagun egoera dela eta, atzeratu egingo da; 60 bertsolarik eman dute izena.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2020 udazkenean jokatzekoa da, baina aurretik, maiatzean, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea jokatu behar zen. Bizi dugun egoera dela eta, Udabarria Bertsotan ez da maiatzean izango. Printzipioz irailera atzeratuko da, baina denborak esango du orduan egin ahal izango den edo ez.

Udabarria Bertsotan sailkapen fasean 60 bertsolarik eman dute izena. Aipatu behar da eskualde guztiek daukatela ordezkaritza. Kopuru hori kontuan hartuta, hamar saio egongo dira fase honetan, sei bertsolarikoak. Fase honetatik puntuazioz sailkatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.

Egituran, berrikuntzak

Aldaketak egongo dira aurten egituran -erabaki hau iaz hartu zuen Talde Antolatzaileak-. Sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira: egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak.

Bizkaiko Txapelketa, printzipioz, urrian hasiko da. Sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango ditu. Kanporaketetara 2016an finalistak eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten bertsolariak sartuko dira. 36 lagunek parte hartuko dute fase horretan (2016ko zenbat finalistak eta 2018ko zenbat final aurrekoetako bertsolarik izena ematen duten arabera). Finalaurrekoetan 2018an finalista izandakoak sartuko dira.

Talde Antolatzaileak lanean jarraituko du, guztiontzako ahalik eta Txapelketa duinena, egokiena eta gozagarriena egin ahal izateko.