Talde bat gehiago aurtengo bertsolari gazteen BBK Sariketan
Goizean aurkeztu dute Bilbon XXIV. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea. Bihar izango da lehenengo kanporaketa Igorren, eta martxoaren 18an jokatuko da finala Bilbon.
Bertan egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna, Ixone Zubieta BBKren kultura arduraduna eta Jone Uria, azkenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista gazteena. Aurkezpenaren bideoa bertsoa.eus-en.
XXIV. BBK Sariketea:
Aurtengoan talde bat gehiagok parte hartuko du sariketan, hau da, 8 taldek hartuko dute parte; Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Uribe-Butroe, Uribe-Kosta, Hego Uribe eta Lea-Artibai. Talde bakoitza, gutxienez, 6 bertsolarik osatzen du, beraz, 60 bertsolari inguruk kantatuko dute aurtengo edizioan.
Bertsolari Gazteen BBK sariketaren ezaugarri nagusienetako bat, taldekako izaera da. Hau da, bertsolarien lana talde moduan baloratzen da, eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera. Talde bakoitza multzo bitan banatuta dago, adinaren arabera:
- A mailakoak hiru, 18 urtera artekoak
- B mailakoak beste hirurak, 19-24 urte artekoak.
Saio gehienak ikastetxeetan egiten dira, eta ikusleak, kasu denetan, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Edozein kasutan, saioak irekiak dira, eta gura duena hurbildu daiteke. Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.
Talde teknikoak:
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gai-jartzailetza eta epailetza formazio saio laburrak eskaini ditu azkenengo urteetan. Formazio saio hauen ondoren, gai-jartzailetzan edo epailetzan jarraitzeko gogoa piztu zaienei plazak eskaintzea eta transmisio osoa bermatzea Elkartearen helburu nagusietako bat da. Sariketa honen bitartez, beraz, bertsolari gazteei lehenengo plazak eskaintzen zaizkien moduen, epaile, gai-jartzaile eta aurkezle gazteei ere plazak eskaintzen zaizkie.
Berrikuntzak:
- Bertsolari Gazteen BBK Sariketa, talde izaera duen sariketa da. Bertsolariek taldean parte hartzen dute, eta aurten, esan bezala, talde berri bat gehitu da sariketara. Sariketa honen helburu garrantzitsueneko bat ahalik eta gazte gehienei plaza eskaintzea da eta aurten gora egingo du parte hartzaile kopuruak.
- Horrez gain, eta talde izaera hori indartu eta elkarren arteko harremanak indartu guran, Txapelketarko sari nagusia taldeko plan bat izango da. Aurtengoan finaleko talde irabazleak garaikurrak jasoko ditu, baina ez du bestelako sari ekonomikorik jasoko. Sari nagusia, esan bezala, Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da.