Puntuak eta komak taldea nagusitu da Zallako saioan
Lehen hiru saioak jokatuta, Bertsolari Gazteen XXXII. BBK Sariketak amaitu du lehenengo fasea. Fase honetako hirugarren eta azken saioa Zallan izan da, gaur goizean, Mimetiz eskolan. Bertan, Anitzak eta Puntuak eta Komak taldeek abestu dute, eta azken honek lortu du, azaroaren 20an, Mungian jokatuko den finalaurrekorako txartela.
Talde horietan bertsolari hauek abestu dute:
- Anitzak: Adur Lopez, Aimar Marcos eta Nahia Ruiz de Arbulo.
- Puntuak eta Komak: Amaiur Betanzos, Ekhi Zuluaga eta Iradi Barrenetxea.
Gaurko saioan, gai-jartzaile lanetan Jon Martinez Beaskoetxea ibili da. Epaileak, ostera, Beñat Romero Maguregi, Etxahun Lekue Etxebarria eta Idoia Anzorandia Kareaga izan dira. Epaileen idazkari Ariane Elejabarrieta Amorrortu ibili da.
Lehenengo faseko azken saioa jokatuta, puntuazioz sailkatu den taldea, eta honenbestez, finalaurrekoetan kantatuko duena, Xarmengarriak gira taldea izan da.
FINALAURREKOAK
Lehenengo fasea amaitzearekin batera, finalaurrekoen fasea helduko da orain. Finalaurrekoetan saioak bikoitzak izango dira, hau da, orain arte lehiatu ez diren 18 eta 25 urtekoak ere hasiko dira lehian. Ondorengoak dira saioak:
- Datorren astelehenean, azaroaren 18an, izango da lehenengo finalaurrekoa, Gernika-Lumoko Elai Alai Aretoan, 18:00etan.
- A multzoan, 18 urtera artekoen multzoan, ondorengo taldeak arituko dira: Sagutxo kaskarinak 2.0 eta Arrakalak loratu.
- B multzoan, 18 eta 25 urte artekoetan, berriz, Team Rocket (Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga), Ai Zapotxin! (Bittor Altube eta Joseba Ortuzar) eta Malla 2 (Araitz Katarain eta Irune Basagoiti) bikoteak izango dira kantuan.
- Bigarren finalaurrekoa Mungian izango da, Mugire Txokoan, azaroaren 20an, 17:30ean.
- A multzoan, gaurko saioko irabazlea, Puntuak eta komak, eta puntuazioz sailkatutako Xarmengarriak gira arituko dira bertsotan.
- B multzoan, ostera, Okerbidea (Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza), LGBTaket (Ainhoa Gorostiaga eta Izaro Bilbao) eta Rara Avis (Haizea Telleria eta Maite Sarasola) bikoteak.
Finalaurrekoak arratsaldez izango dira, eta publiko orokorrari zuzenduta daude. Saioak doakoak dira.