"Puntuak eta komak" eta "Okerbidea" taldeek irabazi dute Bertsolari Gazteen XXXII. BBK Sariketa

2024/12/05
Gaur jokatu da Bertsolari Gazteen XXXII. BBK Sariketaren finala Zornotzako Zelaieta Zentroko Auditorioan. Sagutxo kaskarinak 2.0 eta Puntuak eta komak taldeak aritu dira A mailan, eta TeamRocket eta Okerbidea taldeak B mailan. Puntuak eta Komak eta Okerbidean taldeek bildu dituzte puntu gehien.

Bertsolari Gazteen XXXII. BBK Sariketa heldu da amaierara. Gaur arratsaldean jokatu da sariketako finala Zornotzan, eta Puntuak eta komak eta Okerbidea taldeak izan dira aurtengo irabazleak.

Aldaketaz betetako edizioa izan da aurtengoa. 30 urte bete zituen sariketak duela urte bi eta etengabeko aldaketan dabil azken urteetan. Taldekako sariketa da hau eta horrela mantendu dugun arren, aldaketak egon dira taldekatze honetan. Irudia aldatu dugu eta baita bertsolariek egin dituzten ariketak ere.
Saioa, azken edizioetako finaletan ohikoa bihurtu den moduan, talde agurrekin hasi da.

 Gaurkoan ondorengo 10 bertsolari gazteak izan dira protagonistak:

  • A mailan:
    • Sagutxo kaskarinak 2.0: Garazi Ibarretxe, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz
    • Puntuak eta komak: Amaiur Betanzos, Ekhi Zuluaga eta Iradi Barrenetxea
  • B mailan:
    • TeamRocket: Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga
    • Okerbidean: Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza

Gaurkoan Ander Aldazabal Olabarri ibili da aurkezle beharretan. Epaimahaia Ainhoa Arregi Elosuak, Beñat Romero Maguregik eta Mirari Azula Aurrekoetxeak osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Ione Narbaiza Gallastegi aritu da.

Oholtzan eta publikoan egon den giro ona nabarmentzekoa izan da. Honetaz gain, saioan zehar finalista guztien karikaturak egiten ibili da Unai Gaztelumendi Arandia bertsolari eta ilustratzailea. Karikatura hauek izan dira bertsolariek jaso duten oparietako bat.

Bestalde, kantakera onenaren saria Bittor Altube Sarrionandiak eskuratu du. Aurtengo saria, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza bertsolari, idazle eta sortzaileak egindako ilustrazioa izan da.

Sari banaketa ekitaldian, Josu Telleria Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Belate Olabarria Astobiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak hartu dute parte. B mailako txapeldunei Aissa Intxausti Aburruzak jantzi die txapela.


Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zorionak eman gura dizkie aurtengo Bertsolari Gazteen sariketa honetan parte hartu duten guztiei. Bereziki bertsolariei, gai-jartzaile taldeari eta epaile taldeari.

Gozatu saioko ARGAZKI GALERIA