Neguko Barneteguna antolatu dugu martxoaren 27rako
Ohiko neguko Barnetegirik ezin dugu egin, baina Barneteguna antolatu dugu elkartzen, saretzen eta elkar ezagutzen jarraitzeko. Martxoaren 27an izango da Barneteguna eta DBH1etik DBH4ra bitarteko bertso eskoletako gazteei zuzenduta dago.
Goizeko 9:30ean elkartuko gara Astra kulturgunean eta egun osoko egitaraua egongo da prest: mendi buelta, altxorraren bila, eta kantaldia egongo dira denon gozagarri. Eguna biribiltzeko, gainera, bertso saio ederra antolatu dugu hurrengo betsolariekin: Maider Altuna, Etxahun Lekue, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzaile lanak Barnetegunean parte hartuko duzuen gazteok egingo dituzue.
Saioaren ostean, 19:45ean, amaituko da egitaraua Astran bertan.
Euria egiteko aurreiskuspena balego 12:00etan hasiko da Barneteguna, baina, hori horrela balitz, jakinaraziko litzaizueke egun batzuk lehenago.
Izena ematea, zabalik
Barnetegunean parte hartzeko gune honetan sortu dugun galdetegia bete behar da. Aforoa mugatua izango da eta parte hartzaileen zerrenda osatzeko izen ematearen ordena, eskualdeen arteko oreka eta generoa hartuko dira kontuan. Azken eguna martxoaren 14a izango da.
Parte hartu gura baduzu, eman izena
Martxoaren 22an jakinaraziko zaizue behin betiko zerrendan zaudeten edo ez.
Segurtasuna eta eroan beharrekoa
Barnetegunean guztion osasuna bermatzeko segurtasun neurri guztiak beteko ditugu. Musukoa derrigorrezkoa izango da, gelak izango ditugu eskura, taldetxoetan parte hartuko dugu eta ia egun osoan kanpoan ibiliko gara.
Neurri horiek direla eta, partaide bakoitzak bere otorduak eraman beharko ditu: hamaiketakoa, bazkaria eta askaria.
Osasun txartela ere eraman beharko duzue.
Azkenik, oinetako erosoak ekartzea gomendatzen dugu, mendi buelta egingo dugu-eta.
Zelan ez, gogo handia eta umore ona ekarri!