10.000 ikasle bizkaitarrek parte hartuko dute aurten Mundu Bat Bertso proiektuan

2024/09/16
2024/2025 ikasturtean, Bizkaian, 69 herri eta 204 ikastetxeetako ikasleek bertsolaritza landuko dute ikasgeletan.

Ikasturte berria hasi berri da, eta berarekin batera heldu da Bertsozale Elkartearen Mundu bat bertso proiektua. Gaur hasi eta maiatzaren amaierara bitarte, 10.000 ikasle bizkaitarrek izango dute bertsolaritza beraien ikastetxean lantzeko aukera.

Proiektuak umeen hizkuntza gaitasunean eta ahozkotasunean eragitea ditu helburu nagusi, eta, horretarako, bertsolaritza du tresna. Euskal Herri osoan dago martxan: ia 30.000 umek eta gaztetxok hartzen dute parte.

Mundu bat bertsok urteak daramatza Bizkaiko zein Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako ikastetxeetako umeen artean bertsolaritza sustatzen, bereziki Lehen Hezkuntzako 3. zikloan; nahiz eta aurreko zikloan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere eskaintzen den.

Eskolak astero ematen dira, Bertsozale Elkarteko irakasleen eskutik.
Proiektuan lau arlo nagusi lantzen dira, bere helburuei lotuta: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak eta sozialak. Lau arlo hauek elkarri eragiten diote. Izan ere, euskara bultzatzen dute berau erabiltzen duten jarduera ludiko eta dinamikoen bitartez, baina horrek ezinbestean lotzen ditu euskal kulturara; eta horren parte da bertsolaritza. Bertsolaritzaren ezaugarriak (doinuak, errimak eta beste) ezagututa, ostera, musikarekin ere egiten dute lotura, doinuak, entzute aktiboa, intonazioa eta abar lantzen dituztelako. Eta, azkenik, berba hartze horretan, aurreko hiru arlo horiek lantzeaz gain, jendaurrera irtetea lantzen dute; baita dialektika eta lankidetza ere, esaterako.

Informazioa gehiago hemen.