Mundu bat Bertso proiektua bueltan da, 10.000 ikasle bizkaitarrekin
Ikasturtea hasi berri da, eta berarekin batera heldu da Bertsozale Elkartearen Mundu bat bertso proiektua. Proiektuak umeen hizkuntza gaitasunean eta ahozkotasunean eragitea ditu helburu nagusi, eta, horretarako, bertsolaritza du tresna. Euskal Herri osoan dago martxan: ia 30.000 haurrek hartzen dute parte. Bizkaira etorrita, herrialdeko 66 herritan eta 200 ikastetxetan jarriko da martxan: guztira, 10.000 ikaslek hartuko dute parte.
Mundu bat bertsok urteak daramatza Bizkaiako zein Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako ikastetxeetako umeen artean bertsolaritza sustatzen, bereziki Lehen Hezkuntzako 3. zikloan; nahiz eta aurreko zikloan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere eskaintzen den. Eskolak astero ematen dira, Bertsozale Elkarteko irakasleen eskutik.
Proiektuan lau arlo nagusi lantzen dira, bere helburuei lotuta: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak. Lau arlo izanda ere, etengabe daude harremanetan eta elkarreragiten. Izan ere, euskara bultzatzen dute berau erabilitzen duten jarduera ludiko eta dinamikoen bitartez, baina horrek ezinbestean lotzen ditu euskal kulturara. Eta horren parte da bertsolaritza. Bertsolaritzaren ezaugarriak (doinuak, errimak eta beste) ezagututa, ostera, musikarekin ere egiten dute lotura, doinuak, entzute aktiboa, intonazioa eta abar lantzen dituztelako. Eta, azkenik, berba hartze horretan, aurreko hiru arlo horiek lantzeaz gain, jendaurrera irtetea lantzen dute; baita dialektika eta lankidetza ere, esaterako.
Ikasleei eta herriari bueltan
Hori horrela, ikasleei bertsolaritzarekiko zaletasuna pizteaz gain, euskararekiko jarrera positiboa eragiten diete eskolek, eta jendaurreko emanaldietarako trebatzen ditu. Baina ikasleei soilik ez, ikastetxe zein herri mailan ere badakartza zenbait onura, horien artean daude: bertsolaritza sustatzea ikastetxean eta herrian, ikastetxetik kanpo umeek jarraipena ematea zaletasunari eta euskararen erabilera bultzatzea.
Horretarako, zenbait ekitaldi antolatzen dira proiektuaren baitan. Alde batetik, bertso saioak eta kantaldiak egiteko aukera dute ikastetxeek. Batean zein bestean, bertsoak eta euskal kantak abesten dituzte, eta, gozatzeaz gain, entzute aktiboa eta ezagutza lortzea dira helburu.
Ikasturte amaierari begira, beste bi proiektu eskaintzen ditu elkarteak. Alde batetik, gainontzeko erakundeetan egin legez, ikasturte amaierako topaketa izaten da. Ikasgela bakoitzeko umeak oholtzara irten eta bere emanaldia eskaintzen dute. Emanaldia bertsolaritza klaseetan prestatzen da, jendaurrekotasuna lantzeko baliatuz. Beste proiektua Bilbertsoak dira: proiektuan parte hartzen duten ikastetxe guztietako ikasleek osatzen duten bertso bilduma.