Mundu bat bertso

2016/10/02
"Mundu bat bertso" liburua esku artean landuko dute bertsolaritza zazpi mila eta zazpirehun ikaslek Bizkaian

Otxandiotik Turtziozera, Bermeotik Ermuara, Gu ere bertsotan proiektuak urteak daramatza Bizkaiko ikastetxeetan bertsolaritza landuz. Bizkaian, alderik alde, hedatzen doan egitasmo hau, 2016-2017 ikasturtean 63 herritan emango da.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurrera daraman egitasmo honetan, bertsolaritzari buruzko oinarrizko ezagutza bermatzeaz gain, ikastetxean zein herrian bertsozaletasuna sustatzea dira helburu nagusiak. Ikasgelan egiten den beharrari ikasgelatik kanpo jarraipena ematen zaio, gaztetxoen bat-bateko kanturako taldeak sortuz eta bertso eskolara hurbildu daitezen zubi lana eginez.

Ahozkotasunaren bidez, lau arlo hauek lantzen dira: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertso jolas eta ikus entzunezko baliabideek lagunduta, ikasturte osoan zehar, ekintza anitzak egingo dira, besteak beste, eskolen arteko topaketak eta bertso kantaldiak.

2016-2017 ikasturtean herri hauetan landuko da Gu ere Bertsotan egitasmoa, Bizkaian:

  • ARRATIA: Zeanuri, Areatza, Artea, Igorre eta Lemoa.
  • BILBO: Hogeitahamabi ikastetxe
  • BUSTURIALDEA: Bermeo, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Muxika, Arratzu eta Busturia.
  • DURANGALDEA: Durango, Iurreta, Otxandio Zaldibar, Zornotza, Abadiño, Ermua eta Atxondo.
  • ENKARTERRI: Balmaseda, Zalla, Gueñes, Alonsotegi, Turtzioz, Gordexola, Sopuerta eta Artzentales.
  • EZKERRALDEA: Barakaldo, Portugalete, Santurtzi, Abanto, Sestao, Muskiz, Trapaga,
  • HEGO URIBE: Basauri, Arrigorriaga, Ugao, Orozko, Zaratamo, Etxebarri, Galdakao eta Zeberio
  • LEA-ARTIBAI: Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Lekeitio, Etxebarria, Amoroto, Munitibar eta Aulesti.
  • TXORIERRI-URIBE BUTROE: Mungia, Larrabetzu, Derio, Lezama, Zamudio, Sondika eta Gatika.
  • URIBE KOSTA: Erandio, Gorliz, Urduliz, Leioa eta Sopela.