Martzel Andrinua hil da
Lehen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolatzaile eta epaile eta gerraosteko zenbait Txapelketa Nagusiko epaile, gaur zendu da Martzel Andrinua Lariz Aita Martzel, 94 urte zituela. Jaiotzez ziortza-bolibartarra, euskaltzale eta bertsozale amorratua izan da Andrinua, eta euskalgintzako hainbat proiektutan aritu izan da.
1958ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan antolakuntza lanetan aritu zen, eta epaimahaiko kide ere izan zen. Handik, 1960ko Bertsolari Txapelketa Nagusian jarraitu zuen epaile, baita hurrengo hiru txapelketetan ere: 1962an, 1965ean eta 1967an.
Umetatik izan da elizako kide, eta gaztarotik bertatik izan du euskararen aldeko jarrera: euskarazko zenbait komunikabideen sorreratik hartu izan du parte. Zenbait obra plazaratu ditu euskaraz, eta 1961ean euskaltzain urgazle izendatu zuten.