Luis Baraiazarra hil da

2024/10/06
84 urterekin hil da bertsoaren eragile nekaezina. Asteartean egingo diote hileta-elizkizuna, Markina-Xemeingo Karmeldarren elizan, 18:00etan.

Euskarari eta bertsoari ekarpen handia egin ostean, gaur goizaldean hil da, 84 urterekin, Luis Baraiazarra Txertudi Aita Luis. Jaiotzez meñakarra zen eta urte luzez bizi izan da Markina-Xemeingo karmeldarren komentuan. Idazlea, bertsolaria, itzultzailea... hamaika lan egindakoa izan da Baraiazarra.

Bertsozale Elkartean ere ekarpena handia egin du. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kidea izan zen 1991tik 2000. urtera; Euskal Herriko Bertsozale Elkartean ere izan zen zuzendaritza kidea 1991tik 1994ra. Epaile lanetan aritu izan zen hainbat txapelketatan: Lea-Artibai eskualdekoetan, eskolartekoetan eta Txapelketa Nagusian ere bai.

Gaztetatik hasi zen euskaraz idazten eta irakasle lanetan, eta urte luzez euskal kantak eta bertsolaritza landu zituen umeekin. Euskarazko ikasmateriala ere sortu zuen. Euskal Filologia eta eleiz ikasketak egin zituen, eta 1967az geroztik Markina-Xemeinen karmeldarren komentuan bizi izan da. 1996an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2010ean ohorezko euskaltzain.

Luis Baraiazarra 1.jpg

Luis Baraiazarra 2.jpg

Luis Baraiazarra 3.jpg

Luis Baraiazarra 4.jpg