Jone Uriak jantzi du Uribe Kostako txapela

2016/03/21
Egun osoko jaia antolatu dute Plentzian Uribe Kostako txapelketa biribiltzeko; lehenengo finalaurrekoak jokatu dituzte, eta ostean, finala.

Jone Uria algortarrak irabazi du Uribe Kostako zortzi puntutan egitasmoko txapela, Imanol Uria nebarekin jokatutako buruz burukoaren ostean.

Kanporaketak aurretik zeuden jokatuta, eta zapatuan finalaurrekoak eta finala jokatu zituzten Plentzian.

Goizean poteoarekin hasi zuten eguna, eta ostean jokatu zen lehenengo finalaurrekoa. Horretan, Peru Vidalek lortu zuen finalerako txartela.

Bazkalostean jokatu zen bigarrena, eta Jone Uria izan zen horretako irabazlea.

Azkenik, hirugarrena jokatu zen, eta Imanol Uriak lortu zuen zuzenean finalera sailkatzea.

Horiek eta puntuazioz sailkatutakoak kontuan hartuta, hurrengoa izan zen finala jokatu zuen seikotea: Peru Vidal, Jone Uria, Imanol Uria, Inazio Vidal, Unai Mendiburu eta Josu Landeta.

Finala Plentziako Danontzat gaztetxean jokatu zen. Saio ederraren ostean, Jone eta Imanol Uria heldu ziren buruz burukora. Eta azkenean, Jone Uria izan zen Uribe Kostako txapela jantzi zuena.

Algortako Bertsolari Eskolak eskerrak eman gura izan dizkie parte hartu duten taberna laguntzaileei, bertsolariei, epaileei, idazkariei, gai-jartzaileei, musikariei eta entzule guztiei. Zorionak denori!

Argazkiak: ALBE