Ikasturte amaieraren atarian "Mundu bat bertso"

2017/05/25
Ikasturteari amaiera emateko garaian gelan egindakoa liburu barrutik kanpora atera eta lau haizetara zabaltzeko ordua da. Horretarako hemen duzue hamaika modu desberdinetan adierazita, “mundu bat bertso” sortzeko eta bertsoa munduan sartzeko helburuarekin egindako lanen bilduma

Doinuz lagunduta, irudiz osatuta, mannequin challenge formatuan…bertsoaren malgutasuna behin eta berriro frogatzen da bertsolaritza klaseetan. Gure ikasleek modan dagoen horretara ekartzen dute euren gelako jarduna eta bertsolaritzak bide ematen die adierazi nahi duten mezua zabaldu eta egin beharreko jarduerari forma deigarria emateko.

Ermuako Ongarai ikastetxean kantuz eman diote amaiera ikasturteari. Eire Larrea gitarra joleak bertso doinuz alaitu ditu 5. eta 6. mailako ikasleak. Askotariko doinuak ikasi dituzte kurtso honetan zehar: Kopla txikiko doinuak, zortziko txikiko bertso tradizionalak, erritmo bizia duten kantuak, euskal kanta herrikoiak… Mikrofonoa eskuan, ikasleek hartu dute kantariaren lekukoa eta kantu liburuxkez lagunduta umorez esan diote “gero arte” aurtengo ikasturteari. Izan ere, ikasle hauetako batzuk irailean bat-bateko taldeetan emango diote jarraipena aurten ikasitakoari.

Irudiak ere indarra ematen dio bertsoari. Hori ederto dakite Leioako Betiko ikastolako 6. mailako ikasleek. Koloretako margoak eskuan eta oinak buruan istorio politak sortzen saiatu dira taldeka. Gaia librea izan bada ere, asko izan dira azterketa edo ikastetxe barruko eguneroko tira biretan oinarritu diren lanak. Hemen dituzue lan horietako batzuk ikusgai:

Mannequin challenge-a bideoaren protagonistak geldirik eta izoztuta daudela, kamararekin mugimendua grabatzean datza. Hori da Balmasedako Mendia HLHIko ikasleek hasieratik buruan izan zuten ideia. Gelan euretako bakoitzak egiten duena eta baita egiten ez duena ere adierazten dute “txikitin parian” koplen doinu ezagunean. Horrela ikasgelan gertatzen denaren egunerokoaren irakurketa baten antza hartzen du formatu berritzailean.