Hiru, bi, bat GRABATZEN egitasmoa abian jarri du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak
Otxandioko DBHko dozena bat gaztek Hiru, bi, bat, GRABATZEN... tailerra egin dute. Tailerraren helburu nagusiak euskararekiko jarrera positiboa indartzea, hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak garatzea eta taldean harreman onak sustatzea dira.
Gazte hauek, beraz, hainbat bertso sorta ezagutu ostean, beraiek aukeratutako gai baten inguruan bertso sorta sortu dute, eta kantu ezagun bat oinarri hartuta, beraien kantu propioa sortu dute.
Aukeratu duten gaia Otxandion gazteek bizi duten egoera izan da. Amaitzeko sortutako kantua grabatu egin dute Iker Garitagoitia eta Ander Solozabal musikari eta bertsolarien laguntzaz. Orain musikarien estudioko beharra falta da, eta azken ikutuak eman ondoren, laster eskura izango dute gazteek sorkuntza lanaren emaitza.
Otxandioko gazte talde honek lehen hekuntzatik dakarren bertsolaritzaren ezagutzetatik abiatu da proiektua. Era honetan, beraz, bertsolaritza modu ludiko baten landu dute, hizkuntzarekin jolas egin dute, eta ekoizpen bat sortu eta grabatu dute parte hartzaileek.