"Gu ere bertsotan" ikasleak bertsozaletzen dituen egitasmoa

2014/10/01
Bizkaian azken urteetan gorakada itzela izan du bertsozaleen kopuruak. "Gu ere bertsotan" ekimenak urteak daramatza Bizkaia osoko hezkuntza arautuko ehunka ikastetxe eta bigarren hezkuntzako zentroetan astero bertsolaritza lantzen eta bertso eskoletara ikasleak bideratzen.

Urteetako lana eta emandako esperientzia lagun, gero eta hedatuago dago Gu ere bertsotan egitasmoa Bizkaian. 2014-2015 ikasturtean, Abanto Zierbena, Lemoa, Sopela, Mungia, Balmaseda, Leioa, Igorre,  Bilbo, Abadiño, Portugalete, Aulesti, Bermeo, Erandio, Iurreta, Areatza, Berriatua, Trapaga, Zaldibar, Basauri, Ondarroa, Artea, Muskiz, Alonsotegi, Lekeitio, Zornotza, Santurtzi, Zeberio, Ermua, Galdakao, Durango, Elorrio, Ugao, Gautegiz-Arteaga, Zaratamo, Barakaldo, Etxebarri, Zeanuri, Gernika-Lumo, Arrigorriaga eta Otxandioko udalak zein Enkarterri eta Txorierriko mankomunitateak dira proiektuan parte hartuko dutenak.

Guztira lau mila ikasle baino gehiagok izango dute bertsolaritza irakasle bat astero gelan. Bertso zaharrak ikasiz eta berriak sortuz, ahozkotasuna lantzeko bide aktiboak garatzen dira euskararen erabilpen praktikoa areagotuz; modu honetan azken hamarkadetan irakaskuntzaren erronka nagusi bihurtu den horri erantzuten zaio.

 Gaurkotutako hamabi sekuentzia didaktikotan banatutako liburuak prestatu dira ikasleekin eguneroko lana aurrera eramateko. Euskara, kultura, musika, jendeaurrekotasuna, autoestimua, elkarkidetza... landuko dituzte ikasleek beste eduki eta balore askoren artean.

 

Bertsoaren alde guztiak

Bertsolaritzak garai bateko eta egungo gizartean daukan presentzia geletara hurbiltzeko, klaseko eguneroko lanaz gain, hainbat jarduera osagarri izaten dituzte ikasleek ikasturtean zehar. Ikastetxeko bertso saioetan, bertsolariekin bertatik bertara egonik, ikasleen bertsotarako motibazioa areagotzen da. Bestetik, irrati saioa prestatzen dute ikasleek. Bizkaia Irratiarekin lankidetzan Zortziko Txikia irrati saioa grabatzen da, astero astero, azaroan hasi eta maiatzera bitartean. Aste bakoitzean ikastetxe batek parte hartzen du, irrati saioa prestatuz eta gelan egindako lana uhinen bidez zabalduz. Maiatzean aldiz, Bilbertsoak izeneko bilduma osatzen da. Ikasturte osoko lanaren erakuslehio txiki bat, ikastetxe guztietan gelaz gela batutako lanekin argitaratzen den liburuxka. Aurten, gainera, bi urterik behin ospatzen den Bizkaiko Txapelketari ere jarraipena egingo zaio gelan bertan.