Galizako ikasleak gaur helduko dira Arratiara

2016/05/13
Regueibertso ekimenaren barruan, gaur helduko dira galizarrak Arratiara: regueifa eta bertsolaritzaren antzekotasunak ezagutu eta hartu-emanak sortzea da helburu nagusia.

Arratiarrek Galizan egonaldia egon ostean, trukearen bueltako zatia falta da orain. Gaur helduko dira Galizako Baio Vila de Cruzes eta Burelako institutuetako ikasleak Arratiara, bertoko Arratia BHI institutukoengana, lau eguneko egonaldia egitera. Bertokoak maiatzaren 2tik 5era egon ziren Galizan, eta orain, gaurtik astelehenera arte egongo dira Euskal Herrian Galizakoak.

Elkartruke honi Regueibertso ekimena deitu zaio. Oinarrian bertsoa eta regueifa (Galizako koplak) daude. Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua lemapean egin dute elkartrukea.

Helburua euskara eta galiziera indartzea da alde batetik, eta bestetik, regueifa eta bertsolaritzarten arteko antzekotasunak eta berezitasunak ezagutzea. Horrekin batera, herri bietako ikasleen arteko hartu-emanak sortu eta elkar ezagutza sustatu gura da.

Gaur helduko dira ikasleak, eta hurrengoa izango da lau eguneko egonaldiaren egitaraua:

  • Maiatzak 13

        Euskal Herrira heldu

  • Maiatzak 14

        12:00. Dima. Herri kirolak. Euskal Herria-Galiza. Olar herri kirol taldeak antolatuta.

        Ostean: Herriko tabernetatik bertso regueifa poteoa.

        19:00. Igorre. Regueibertso ekitaldia Lasarte aretoan. Arratiako Bertso Eskola, Arratia BHIko ikasleak, Galizako ikasleak, bertsolariak, zuzeneko musika, dantzariak, regueifak...

  • Maiatzak 15

        11:00 Areatza. Hitzaldia Iñaki Esparzaren eskutik.

        19:00 Zeanuri. Regueibertsotan ikuskizun herrikoia plazan.

  • Maiatzak 16

        09:00 Igorre. Bisita gidatua Angel Larrearen eskutik.

        Ostean, Igorreko udaletxean harrera eta institutuan ongi etorria.

        Eguerdian, Bilbotik bisita gidatua Zenbat Gara elkartearekin.

 Antolatzaileak:

Ekimenaren antolatzaileak Arratia BHI, Arratiako Bertso Eskola eta Bizkaiko Bertsozale Elkartea dira. Babesleak, Igorreko Udala, Dimako Udala, Areatzako Udala eta Zeanuriko Udala, Zenbat Gara elkarteagaz batera.

Galizan, proiektuaren bultzatzaile nagusiak Manuel Maseda, Galizako Baioko institutuko zuzendaria eta regueifaren transmisioan beharrean dabilena, eta Sechu Sende irakasle eta idazlea izan dira, bertako erakundeen laguntzagaz.