Gaitik irten barik

2015/02/23
Algortan, Durangon eta Markina-Xemeinen antolatu ditu aurten gai-jartzailetza eta epailetza ikastaro laburrak Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Durangoko gai-jartzailetza ikastaroan egon gara Maite Berriozabal Berrizbeitiarekin.

Gai-jartzailetzak duen garrantziaz berba egin digu Maite Berriozabalek, baita gai-jartzailetzaren transmisioa bermatzeak duen garrantziaz ere. Maite Josi Bizkaiko Bertsolari Txapelketako gai-jartzaile taldeko arduraduna izan da, baita finaleko aurkezlea, eta zelan ez, urte askotan gai emaile lanetan dabilena.

Durangaldetik, Txorierri-Mungiatik, Arratiatik... etorritako hamabi bertsozale gazte batu dira Durangon Maite Berriozabalek esan beharrekoak entzutera, eta gai-jartzailetzari buruzko oinarriak jasotzera, bereziki txapelketa eta sariketei lotutakoak entzutera. Izan ere, sarritan, bertso eskoletan libre dagoenak ipintzen ditu gaiak. Gainera, asko dira Bizkaian Txapelketa nagusitik kanpo ere antolatzen diren sariketak: Bertsolari Gazteen BBK sariketea, eskolarteko txapelketa eta bi urterik behin eskualdeetako Txapelketak...

Teoria arloan, gai bat ipintzerako orduan bete beharreko neurriak zeintzuk diren eta ze muga ez lituzkeen gainditu behar komentatu du. “Dena ez dago gai-jartzailearen esku” nabarmendu du Berriozabalek baina “gai-jartzailearen esku dagoena zaindu beharrekoa da”.

 Zelakoak dira gaiak?

Serioak, umorezkoak, hurbilak, urrunak, kuriosoak, ohikoak, ohikoegiak, kuriosoegiak, originalak, tristeak,
betikoak, entzunak, errazak, zailak, konprometitzen dutenak, azalekoegiak...

Zelakoak izan behar dute?

Gai bati egokia, zuzena, orekatua, erraz ulertzeko modukoa, eta dena esaten ez duena izatea eskatzen zaio.