Eskualdeen arteko bertso zubia
Eguerdiko hamabietan eman zitzaion desafioari hasiera itsasadarreko bi aldeetako bertso eskoletako gaztetxoekin eta guztira hogeitabost bertsolarik hartu zuten parte umore eta eguraldi bikaina lagun. Bi aldeetako terrazak bertsozalez bete ziren eta txaloak gogoz entzun ziren alde batetik bestera.
Ordubeteko saioa eta gero, Areetan kantuan ibilitako ALBEko bertsolariak Portugaletera pasatu ziren, eta trikitixa, bertsoa eta kantua lagun, bertso eskola ezberdinetako bertsolariek zubiak eraikiz poteoa eta bazkaria antolatu zuten Portugaleteko kaleetan zehar. Egun osoan musika eta bertsoak izan ziren Portugaleten protagonista.
Antolatzaileek oso positiboki baloratu dute bigarren edizioa eta argi utzi dute hirugarrenaren bila joango direla datorren urtean. Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete Bizkaia Zubiari, Getxoko udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteari.