Eskolatik plazara ekimena, gaztetxoen lehenengo plaza

2014/04/15
Urteak dira Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Eskolatik Plazara proiektua martxan jarri zuela. Bertsolari gazteekin ikastetxez ikastetxe bertso saioak egitea eta antolatzea da helburua. Horrela, bertsotan dabiltzan gazteei plazaratzeko aukera eskaintzen zaie, askotan, beraien lehenengo plaza.

Martitzen, eguen edo barikuetan, ikastetxeetako ordutegian edukitzen dute zita bertsolari gazteek. Karmelo Ikastola, Eguzkibegi ikastola… izan dira aurtengo ikasturtean aukeratu diren ikastetxeak. Gazteak institutuetan jaso, saioak antolatu eta proiektua koordinatzeko arduradunak Ander Elortegi Garatea eta Etxahun Lekue Etxebarria irakasleak dira.

Eskola ordu baten iraupena dauka bertso saioak. Saio gehienak hiru bertsolarirekin egiten dira. Hasierako agurra, ofizioko lanak egin ondoren entzuleekin jolas desberdinak egiten dira, bertso asmakizunak esate baterako eta amaitzeko puntukako saioarekin agurtzen dute saioa.

Antolaketak aurre lana eskatzen du. "Ekimen horretan parte hartuko duten bertsolariekin batzen gara", dio Ander Elortegik. Bertso eskolaz bertso eskola ibili dira azarotiik abendura bitartean, bai bertsolariei zein bertso eskoletako arduraduneri proiektuaren berri emoteko. Ikastetxeekin harremana bertan lanean dabilen irakaslearen bidez egin da.

Arrate Gaztelu Larrabetzuar bertsolari gazteak "esperientzia polit" bezala baloratzen du bere parte hartzea. "Eskolatik plazara lehenengo aldiz bertsolari sentitzeko aukera itzela da, bertsolari moduan hasi gura duzun bide horri hasiera polita emateko aukera”, dio Arratek. Ander Elortegi arduraduna ere bat dator, gaztetxoei jende aurrean aritzeko aukera ematen zaielako beraientzat exigenteegia ez den entzule taldearen aurrean.  Arratek ere, entzule gazteen erantzuna gustoko du: “Entzuleak gaztetxoak izanda, normalean adi egoten dira, eta horrek guri ere gogoa handitzen digu”.

Normalean kantu lagun ez direnekin abesteko aukera eskaintzen du Eskolatik Plazara ekimenak, baina ez da kantatze hutsa. Ander Elortegik adierazi duenez, “konturatzea nahi dugu saio bat ez dela soilik joan kantatu eta ospa egin. Ikastetxeetan harrera egiten digutenean bertsolari gazteak geurekin egoten dira eta ondoren ere irakasle eta ikasleekin saioa zelan joan den komentatzen dugu”, dio.

Saioaren aurreko uneak deskribatzerako orduan "urduritasuna" hitza erabiltzen du Arratek. Bere lehengo eskolatik plazara hala izan zela dio eta saioak aurrera egin ahala gero eta gustorago sentitzen zela.

Hona hemen pare bat adibide: