"Eskolatik Plazara" bertsolari gazteen lehen plaza

2017/06/19
Ikastetxeetako aretoa plaza, eta hamar-hamaika urteko gaztetxoak lekuko, era honetan ematen dituzte lehen pausoak bertsolari gazteek.

Hogeita bi neska-mutil aritu dira ikastetxez ikastetxe euren hasierako plazetako bat den "Eskolatik plazara" proeiktuan abesten. Eskolarteko txapelketaketan edo Bertsolari Gazteen BBK sariketan parte hartu duten, eta bertso eskoletan dabiltzan gazteak dira ekimen honetan parte hartu dutenak.

DSC05301

Bizkaia osoan gorpuzten da proiektua. Ikasturte honetan, Enkarterri, Lea-Artibai, Uribe Kosta… hamabi ikastetxetan hamabost bertso saio lotu dituzte bertsolari gazteentzat. Eguen arratsaldeetan izan dira saioak, eta ikusleak bosgarren eta seigarren mailan bertsolaritza lantzen dabiltzan ikasleak izan dira.

Bertso saio arrunt bat egitea izaten da planteamendua, hasierako agurrak, bi bertsolari ofizioka  jardutea gai baten inguruan, lau oinak emanda bertso bat osatzea, asmakizunak sortzea…

Etxahun Lekue eta Ander Elortegi bertsolaritza irakasleak dira Eskolatik Plazara gidatzen dutenak, eta beraien esanetan “bertsolari gazteentzat aukera oso polita da lehen aldiz ikasleen aurrean abestea. Publikoak errespetatu egiten du bertsolarien lana eta ikusleak konziente dira jende aurrean lehenengoz ari direla”, gaineratu dute "horrela, gazteak erosoago sentitzen dira kanturago, eta denbora gehiago hartzeko aukera daukate behar izan ezkero".

Ikasturte berrian ere emango zaio jarraipena ekimenari.