Durangaldea taldeak irabazi du XXX. BBK Sariketa
30 urte bete ditu aurten txapelketak eta hori ospatzeko puntako bertsolarien saioa ere izan da finalarekin batera. Saioa arratsaldeko 18:00etan hasi da bertsolari gazteen saioarekin. Lea-Artibai taldeak 454.50 puntu lortu ditu, eta Durangaldea taldeak 493 puntu, eta beraz, Durangaldea taldea izan da sariketako irabazlea.
Gaurkoan ondorengo 12 bertsolari gazteak izan dira protagonistak:
- Durangaldetik:
- 18 urtera artekoak: Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua eta Ixone Asategi
- 26 urtera artekoak: Araitz Katarain, Ander Elorriaga eta Irune Basagoiti
- Lea Artibaitik:
- 18 urtera artekoak: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga
- 26 urtera artekoak: Bittor Altube, Enare Muniategi eta Garazi Navarro
Azkenengo ediziotan egin den moduan, aurten ere, taldekako agurrekin hasi dute saioa bertsolariek, eta elkarri adarra joaz girotu dute aretoa. Taldeko agurra puntuagarria izan da, eta ariketa bat gehiago moduan puntuatu dute epaileek.
Bestalde, sariketako kantaera onenaren saria Durangaldeko Ander Elorriagak jaso du.
Gaurkoan Jone Larrinagak egin ditu aurkezle beharrak. Epaimahaia Beñat Romerok, Juanjo Respaldizak eta Miriam Juaristik osatu dute. Idazkari beharretan, ostera, Ione Narbaiza aritu da.
Sari banaketa ekitaldian Koldo Bilbao BBK-ko ordezkariak, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Beñat Vidal Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartu dute parte. Gaurko protagonistez gain, oholtzara igo dira sariketan parte hartu duten eta saioan egon diren gainontzeko eskualdeetako ordezkariak ere, eta opari bana jaso dute.
Sari banaketaren aurretik ordea, hasi da urteurren jaia. Talde irabazlea nor den jakin bezain laster Ibon Izak (Arratia) bertsoak jarri dizkio 30 urte hauetako ibilbideari. Ondoren sariak banatu dira, eta ekitaldiak aurrera jarraitu du, eskualde bakoitzeko bertsolari banarekin. Onintza Enbeitak (Busturialdea) eta Etxahun Lekuek (Uribe Butroe) balkoitik egin dute bertsotan brindisarekin batera.
Urte hauetan guztietan BBK Sariketaren ibilbidean parte hartu duten hainbat bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile batu dira jaian. Mokadutxoa jan ostean, bertso saioa egin dute Nerea Ibarzabal (Lea-Artibai), Igor Elortza (Durangaldea), Oihana Bartra (Hego Uribe) Asier Alcedo (Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldea), eta Jone Uria (Uribe Kosta) bertsolariek. Gai-jartzaile lanetan Igor Menika eta Idoia Anzorandia ibili dira.