Dena prest Bertsolari Gazteen BBK sariketako finalerako
Astebete baino ez da falta 32. Bertsolari Gazteen BBK sariketako finalerako. Azaroaren 4an hasi zen sariketa, eta ordutik, 3 kanporaketa eta 2 finalaurreko jokatu dira. Sariketak eliminatoria egitura du, eta ondorengoak dira finalean kantatzeko txartela eskuratu duten taldeak eta bertsolariak:
- A multzoan, 18 urte artekoetan:
- Sagutxo Kaskarinak 2.0: Garazi Ibarretxe, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz.
- Puntuak eta komak: Amaiur Betanzos, Ekhi Zuluaga eta Iradi Barrenetxea
- B multzoan, 24 urte artekoetan
- Team Rocket: Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga
- Okerbidea: Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza
Abenduaren 5eko saioa publiko orokorrari zuzenduta dago, eta Idoia Anzorandia antolatzaileak saioa entzutera etortzeko gonbidapena luzatu du “berrikuntzaz betetako sariketa izaten ari da aurtengoa; irudia, ariketak, taldeen osaketa aldatu ditugu, eta parte hartzaileek eskertu dute. Seguru gaude finala ere orain arteko saioak besteko erakargarria izango dela publikoarentzat”.
Finalean bertan, esan bezala, hainbat berrikuntza egongo dira, eta sari ekonomikoez eta txapelaz gain, beste hainbat kontu ere izango ditugu. Tartean, Unai Gaztelumendi bertsolaria eta marrazkilaria egongo da zuzenean parte hartzaileen karikaturak egiten, Unai Iturriaga bertsolari, idazle eta sortzaileak egindako ilustrazioa banatuko zaio kantakera onenari eta publikoak ere izango du bere saria, taldeak animatzeko pankartarik onenak ere jasoko baitu saritxoa.