Campos antzokia bete dute Bilboko ikastetxeetako bertsolaritza ikasleek

2024/06/04
600 lagun inguru batu dira gaur goizean Campos antzokian egin den ikasturte amaierako bertso topaketan

Bilboko topaketa
Gaur goizean izan da Bilboko ikasturte amaierako Bertso topaketa, Campos antzokian. Hamaika ikastetxetako seiehun gaztetxo inguruk hartu dute parte bertan. Ikastetxeek urte biko zikloetan hartzen dute parte, eta aurten, Luis Briñas- Santutxu HLHI , Gabriel Aresti HLHI , Cervantes Eskola Publikoa , Kirikiño Ikastola, Zurbaran HLHI, Deustu HLHI, Artxandape Ikastola, Txurdinaga HLHI, Intxixu Ikastola, J.R Sanchez Marcos HLHI eta Abusu Ikastola ikastetxeetako ikasleen txanda izan da.

2024-06-04 Bilboko topaketa

Bertsozale Elkarteko Jone Larrinaga eta Josu Telleria bertsolaritza irakasleek gidatu dute ekitaldia eta Euskal Herrian zehar egin dute bidaia Bilboko bertsolaritza ikasleek. Pantaila lagun, beraz, “bertso tourra” egin dute gazteek elkarri bertso bidez galderak eta erantzunak bidaliz. Bilboko ikasleekin batera, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa eta Arabako bertsolaritza ikasleek hartu dute parte.

Eta zelan ez, bat-bateko bertsoak ere izan du bere lekua. Hasierako agurren ostean, bertsolaritza ikasleek egindako aurkezpenei erantzun behar izan diete bertsolariek, eta gaia jarraitu ofiziotan ere jardun dute. Aurten Oihana Bartra, Haizea Telleria eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izan ditugu oholtzan.

2024-06-04 Bilboko topaketa

Bilbon, bertsotan dabiltzan gaztetxoen hainbat talde (bat-bateko taldeak - BBT) daude, hau da, Mundu bat bertso programan parte hartu ondoren, eskolaz kanpo, bertsotan jarraitzen duten gazteek osatutako taldeak. Besteak beste, Kirikiño ikastolako BBTa, Deustuko BBTa, Solokoetxeko BBTa, eta Kafe antzokiko BBTa. Hauek bertsolariak aurkeztu dituzte bertso bidez, eta bidaiatzeko beharrezkoak diren kontuei buruzko azalpenak eman dizkigute.

2024-06-04 Bilboko topaketa

Ekitaldiaren beste momentu garrantzitsuetako bat kantaldia izan da Mikelot musikariaren eskutik. "Kalian gora eta kalian behera" ibili dira gaztetxoak, eta beste abesti askoren artean, "Mundu bat bertso" proiektuaren abestia ere abestu dute.

2024-06-04 Bilboko topaketa

Saioa borobiltzeko ikasturteko lanaren erakusgarri den diploma jaso dute ikastetxeek. Diploma banaketan, Bilboko udaletik -egitasmoa diruz laguntzen baitu- Eider Inunciaga eta Mari Jose Arrieta zinegotziak eta David Rosales euskara teknikariak hartu dute parte, eta Bizkaiko Bertsozale Elkartetik zuzendaritza kide Idoia Anzorandiak eta Elkarteko koordinatzaile Ione Narbaizak.

Topaketak
Bilbokoa ez da, ordea, ikasturte amaieran egiten den topaketa bakarra. Bizkaia osoan zehar hamaika herritan izan dute, edota izango dute bertsolaritza ikasle gazteek urtean zehar ikasitakoa taularatzeko parada, besteak beste,

Abadiño, Abanto-Zierbena, Arratia, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Durango, Enkarterri, Erandio, Ermua, Galdakao, Gernika-Lumo,
Mungia, Muskiz, Ondarroa, Txorierri, Uribe-Kosta, Zornotza…