Bizkaiko zortzi txapeldun, oholtza berean

2020/12/14
Abenduaren 20an izango da Getxon Bizkaiko bertsolari txapeldunen bertso jaialdia; sarrerak agortuta daude.

Kopla barik zirkuitua biribiltzeko jaialdi mundiala antolatu dugu: Bizkaiko zortzi txapeldunen jaialdia. Saioa abenduaren 20an izango da Getxoko Muxikebarri zentroan, 18:00etatik aurrera. Oholtza gainean, zortzi txapeldun: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Jon Enbeita, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Xabi Paya. Gaien prestaketan txapelketako gai-jartzaile taldea ibili da eta Begoñe Olabarria izango da aurkezle beharretaz arduratuko dena.

Getxorako sarrerak agortu dira. Muxikebarriko ateak 17:00etan zabalduko dira eta sarrera aurrez eskuratu duten bertsozaleek ere txarteldegira joan eta sarrera trukatu beharko dute, sarrera zenbakituak hartu ahal izateko.

Jaialdia denon osasuna bermatzeko segurtasun neurri guztiak hartuta egingo da.