Bizkaia zortzi puntutan
Bizkaiko eskualdeetako talde antolatzaileek euren neurrirako jaiak antolatuko dituzte aurtengo ikasturtean Bizkaian. Azaroan hasiko dira goiztiarrenak, eta maiatzera bitartean, eskualde guztiek antolatuko dute jaia.
Antolakuntza eta formatua eskualdeen esku geratuko da, hau da, eskualdeek erabakiko dute euren etxerako zein den formaturik egokiena. Horren arabera diseinatuko dute eskualdeko eguna: batzuk txapelketak antolatuko dituzte; besteek, girotze saioak.
Ekimenaren helburua eskualdea girotzea eta bertsogintzaren oinarria sendotzea da. Txapelketara joango ez direnentzako bestelako plaza bat izango da, eta joango direnentzako entrenamendu aproposa. Ez da Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango.
Busturialdea izango da lehenengoa. Horien kasuan Busturialdeko Bertsolari Txapelketa antolatu dute. Azaroaren 13an hasiko da, kanporaketa bi jokatuko dituzte, eta abenduaren 12an egingo dute finala.