Bilboko ikasleen bertsoak uhinetan
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen, Bilboko Udalaren eta Bizkaia Irratiaren arteko lankidetzak irrati uhinetara jauzi egiteko aukera emango die ikasle gaztetxoei, “Zortziko Txikia” irrati saioaren bitartez. Irrati saioan, bertsolaritzako klaseetan landutako eta asmatutako bertsoak entzungo dira astero astero Bizkaia osoan. Denboraldi berriari Kirikiño Ikastolako ikasleek eman diote hasiera.
Bertsoak komunikatzeko tresna ezin hobea izango dira urtarrila eta ekaina bitartean irratian. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ”Mundu bat bertso” proiektuko Bilboko hemezortzi hezkuntza zentrotako bertsolari gaztetxoak izango dira zapatu eguerdietan Bizkaia irratian protagonista.
Bertso asmakizunak, bertso jolasak, bertso jarriak, doinu berriak, betiko koplak, kantu zaharrak, biografiak, agenda… edukiz bete-betea izaten da asteroko irratsaioa.
Zapatu goizetan, 11:30ean, daukagu zita bertsozaleok Bizkaia Irratiaren programazioarekin. Eta zuzenean entzuteko aukerarik izan ezean, Bizkaia irratiaren web orriaren bidez ere badago entzuteko aukera.