Bilboko ikasleek umore eta bertsoz jantzi dute Bilborock aretoa
150 ikasle batu dira Bilborock aretoan Bilboko ikastetxeen arteko topaketa ospatzeko. Gu ere bertsotan egitasmoari amaiera eman zaio ikasleen bertso, kantu, txalo eta doinuen artean.
Aurkezle lanak Idoia Anzorandia Kareaga eta Josu Telleria Uriartek egin dituzte. Taldeak aurkeztu dituzte eta Bilbon Gu ere bertsotan proiektuak duen neurri eta garrantziari buruz ere berba egin dute. Bide batez, proiektu hau posible egiten dutenei eskerrak eman dizkiete.
Eta gaurkoan ere, bat-batean aritu dira bertsolariak, zelan ez. Arkaitz Estiballes Ormaetxea eta Etxahun Lekue Etxebarria bertsolariak ikusleen txalo artean igo dira eszenatoki gainera, eta topaketaren aurkezpena egin dute.
Aurten, gainera, bertsolariak bat-batean kantatzen ibili diren bitartean, Igor Menika Bengoetxea bertsolari eta irakasleak, marrazkilari lanak egin ditu.
Bizkaia Irratiak ere izan du lekua Bertso Topaketan. Ikasturte osoan izan da Bizkaia irratian bertsoa protagonista Zortziko Txikia irrati saioan. Ikastetxeetan gelaz gela egindako bertso bildumak uhinen bidez zabaldu ditu irratiak.
Beñat gitarra jolearekin batera Josu Landeta Egurrola bertsolari eta irakaslea aritu da kantaldia zuzendu eta bertsolaritza ikasle gazteak animatzen. Giro ederrean eta ozen kantatu dute denon artean.
Saioaren erdi aldean, ohikoa den diploma banaketa ere izan da. 28. urtez Bizkaiko bertsozale Elkartearekin elkarlanean dabilen Bilboko udaleko ordezkari, Sabin Anuzita, euskara, kirola eta gazteria zinegotziak, bertsogintza Bilbon proiektuan parte hartu duten ikastetxeei diploma eta oroigarria banatu die, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eman dio diploma Sabin Anuzita berari.
Denek batera oholtzan abestu dute, gainera:
Hara ze jolas mota
den bertsolaritza
doinuaren sarrailan
sartu dadin giltza
neurtu ta errimatu
behar dugu hitza
ta zu ere ikasi
nahian bazabiltza
ondo pasatzea da
lehenengo baldintza
Igor Menika Bengoetxea
Aurkezleek Santutxu eta Deustuko Elorri Bertso Eskolako 4 gazte aurkeztu dituzte, etorkizuneko Bertsolari Txapelduna horietako bat, gainera, Josu Telleria aurkezleak esan duenez. Irati, Alazne, Elda eta Eztizenek bertsolari gazteek ederto kantatu dute, eta bertaratutako ikasleak bat-bateko taldeetan eta bertso eskoletan izena ematera animatu dituzte, gainera, beraiek orain pare bat urte egin zuten moduan.