Bihar hasiko da Bizkaiko eskolarteko txapelketa
Martxan dago Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Udaberritik udazkenera atzeratu behar izan den arren, egitura antzekoarekin dator: alde batetik, bat-bateko txapelketa jokatuko da eta, bestetik, idatzizkoa.
Bat-bateko txapelketan guztira Bizkaia osoko 28 parte hartzaile egongo dira. Horiek hiru kanporaketetan kantatuko dute: Urriaren 6an Gernika-Lumoko Astran jokatuko da saioa, urriaren 7an Durangoko Kurutziaga Ikastolan eta urriaren 9an, ostera, Bilboko Euskararen etxean. Denak izango dira 17:00etan.
Bat-bateko finala urriaren 17an jokatuko da, zapatua, Arrigorriagako Lonbo aretoan. Saioa 11:30ean hasiko da.
Idatzizko Txapelketa aurten ez da presentziala izango: webgunean argitaratuko dira gaiak eta gazteek emailez bidali beharko dituzte lanak. Laster argitaratuko dira datak.
Kanporaketak zein finala denon osasuna bermatzeko neurriekin jokatuko dira.