Bertsozaleak Errioxan

2014/09/12
Arabar errioxako inguruaz eta bertako produktuez gozatzeaz gain, bertsotan eta kantuan ibili ziren Errioxaldira joan zirenak. Kopla jarriak kantatu, bazkaldu, lagun artean egon eta bertso eta doinuz alaitutako arratsaldea izan zuten. Aurtengoan Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkide guztiak izan dira gonbidatuak.

Goiz hasi zen aurtengo Errioxaldia. Gernika-Lumon atera zen autobusa goizeko zortziretan. Egun pasarako kideak Zornotza, Durango eta Bilbon jaso ondoren, Araba alderako bidea hartu genuen Bizkaiko Bertsozaleek.

Gosaria urtero moduan Bastidako taberna baten egin genuen. Goizeko kafea lagun Moises Enbeitak, gure  antolatzaile gidariak, egindako kopla sortak lagunduta ederki sartu zen. Urteak dira Moises Enbeita koplari handiak kopla jarriak egiten dituela. Bertan egunean zehar egingo denaren berri ematen du eta lagun artean kantzatzeak indartu egiten gaitu.

 Bastidatik Samaniegora joan ginen. Bertan, lagun talde bat gertu izaten dugu urtero hamaiketakoa prest dutela. Makailau tortilla, urdai errea eta urteko ardoa, kontu kontari hasteko momentua. Talde argazkia atera genuen gero, errioxarako bidaiaren partaide guztiok.

Eguerdirako Guardiara iritsi ginen. Txistua eta panderoa lagun hartuta, herriko kale eta tabernetan gora behera ibili ginen. Egun beroa izanik, gerizpea bilatzea genuen helburu, baita egarririk ez pasatzea ere.

Launa lagun bertsozaleen upategian izan genuen bazkaria. Errioxan ohikoak diren jatekoak, patatak errioxar erara eta arkumea labean. Bazkariaren ostean hasi zen bertso festa. Moises Enbeitari esker onez egindako bertso sorta kantatu zuten Joseba Santxo eta Jon Enbeitak kitarraz lagunduta. Ondoren, bertsolari eta bertsozaleak, ibili ziren kantuan. Elkarri adarra joaz, arratsalde eder eta umoretsua pasatu genuen.

Iluntze gauean aldiz, bertso plaza librea izan zen. Betiko kantuak, txapelketako bertsoak, tabernako bertso erronkak.. entzun genituen, taberna barruan eta kanpoan ere argazkian ikusi daitekeen bezala. Datorren urtera arte agurtu genituen Bastida eta bertako bertsozale eta gure entzule direnak.