Bertsolaritza Ikastaro laburrak, bertsotara hurbiltzeko lehen pausua

2015/12/17
Gabonetako oporrekin batera emango zaie amaiera bertsolaritzari buruzko ikastaro laburrei. Hamar eta hamabi aste bitarteko egitasmoak dira eta bertsolaritzara gerturatzeaz gain, bat-bateko taldeetako ikasleen harrobi ere izaten dira kasu askotan.

Ikastaro laburren bitartez, bertsolaritzara hurbilpena egiten dute ikasle askok, eta kasu batzuetan bat-bateko taldeetarako zubi ere izaten dira ikastarook.

Euskararen erabilera praktikoa dute helburu nagusietako bat ikastaro laburrek, ikasleen arteko komunikazio gaitasunean eragin eta sormenean sakonduz. Ahozkotasunak daukan garrantzia oinarri hartuta, bertsoaren bidez honen lantzen da, jolas eta kantuak lagun. Ahozkotasuna lantzen, Gu ere bertsotan material berezia erabiltzen da ikastaroetan.

Bertsoen bitartez, halaber, hartzailearengan emozio eta zirrarak eragiteko teknikak ere ikasten dituzte, eta ikasitakoa praktikan ipintzeko aukera izaten dute ikastaro laburren amaierarekin batera, ikastetxeetan antolatzen diren jaietan. Jende aurrean aritzeko lehen aukera ere izaten dira jai hauek: Euskara Eguna, Euskal Astea, Gabonetako jaia… 

Ikastaroen amaieran, bat-bateko taldeen aurkezpena egiten da.  Ikastaro laburretan parte hartu duten hainbat ikaslek osatzen dituzte herriko bat-bateko taldeak hurrengo ikasturtean. Beste helburu garrantzitsu bat beraz, bertsogintzak ikastetxetik herrira salto egitea da, eta lekuan lekuko administrazioen laguntzarekin, lortzen ari gara helburu hori ere.