Bertso Kantaldiak, kantatuz gozatzeko ekimena
Kantuz sortu naiz eta.. kantuz nahi bizi…dio kantu ezagun batek eta bertsogintza proiektuari ere kantuz ematen diogu alaitasuna. Bertso klase berezi bat antolatzen dugu. Ikasleak gelatik atera eta ikusentzunezko gela edo areto batera gonbidatzen ditugu. Bertan aurrez aurre, kitarra baten akordeak entzuten hasten dira.
Horixe da bertso kantaldia, kitarrarekin lagundutako bertso klasea. Ama Begira zazu, Ikusi nuenean… gelan urtean zehar landutako kanta herrikoiak abesten ditugu. Ikasleek publikoan eserita edo jende aurrera irtenda mikrofonoaren laguntzaz abesten dute. Ordu bateko iraupena izaten du eta giro ezin hobean egiten da.
Ikasleen parte hartzea aktiboa izaten da eta kontzertu onenen moduan “beste bat, beste bat...” eskatuz amaitzen da.
Ikusgai duzuen bideoa, Etxebarriko Kukullaga herri ikastetxean grabatua da. Ai Zapotxin ez dago zer egin, guraso eta irakasleekin esaten du kantuaren leloak. Gozatu eta kantatu!