Bazkideek aho batez onartu dute 2023ko egitasmoa

2023/03/16
2022ko balantzea eta 2023ko egitasmoa aurkeztu dira urteko Batzar Nagusian; Bizkaiko Bertsozale Elkartearen 40garren urteurrena ospatzen hasteko ere baliatu dugu eguna.

Gaur arratsaldean egin dugu 2023ko Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Gernika-Lumoko Astran. Iazko eta aurtengo balantzea eta aurrekontua onartu dituzte bazkideek.

18:00etan hasi da ekitaldia eta bertaratutakoei ondoetorria eman eta batzarraren nondik norakoak azaldu dizkie Beñat Vidalek, momentuan karguan dagoen lehendakariak. Ostean, 2022ko errepasoa egin dute Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Etxahun Lekue eta Ander Elortegi transmisio eragileek. Aho batez onartu dute bazkideek 2022ko balantzea.

Horren ostean 2023ko aipagarrienak eta alderdi ekonomikoa azaldu ditu Narbaizak eta, haren atzetik, Aissa Intxausti zuzendaritza kideak hartu du hitza. Zuzendaritzaren helburuak eta funtzionamendua azaltzeaz gain, kargu aldaketak aipatu ditu: urte askoren ostean, zuzendaritza, eta ondorioz idazkari kargua utzi ditu Goizalde Atxutegik. Kargua behin-behinean Beñat Vidalek bete du eta bera proposatu du zuzendaritzak kargu horretarako. Aho batez onartu da zuzendaritzaren iritzia. Erabaki horren ostean, Goizalde Atxutegi omendu nahi izan du zuzendaritzak, urte askotan egindako lana eskertzeko.

2023-03-16 BN Goizalde eta Muxi

40 urte eta gehiagorako prest

Aurten betetzen ditu 40 urte Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Hori dela eta, batzar nagusiaren ostean ekitaldi xumea egin dugu, urteurrena ospatzen hasteko. Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga aritu dira bertsotan, batzarrera hurreratu diren guztientzako gozagarri. Aurrerago, urteurreneko ekitaldi gehiago egingo ditugu.

2023-03-16 BN Unai Iturriaga eta Onintza Enbeita