Badator Zilekoaren hirugarren edizioa
Ikasturte honetan hirugarrenez egingo da Zilekoa. Aurreko edizioetan moduan, helburu nagusia Bizkaiko neska bertsolari gazteen topaleku izatea da, euren arteko konfiantza-sarea sendotzea eta nesken ahalduntzean eragitea bertso eskoletatik plazarako bidean.
Saioak zapatu goizetan izango dira, Miren Amurizaren eta Oihana Bartraren gidaritzapean, Larrabetzun eta Durangon.
Eman izena Zilekoan, orri hau beteta
Formatuari dagokionez, saio denek izango dute antzerako egitura: lehenengo zatian, emakume erreferentzial baten bisita, eta eurekin bizipenak konpartitzeko aukera izango da. Ostean, bertso eskola izango da.
Egitaraua:
- Otsailak 2: Ines Osinaga
- Martxoak 9: Onintza Enbeita
- Apirilak 6: Uxue Alberdi
- Maiatzak 4: amaierako jaia
Parte hartu gura duten guztiak izango dira ondo etorriak, baina gogoratu bertso eskola bat dela, eta bertsotarako gutxienezko gaitasuna izatea beharrezkoa dela. Horretarako galdetegi honetan klik egin eta izena eman beharko da.
Zilekoa doakoa da, baina izena ematen dutenei saioetara etortzeko konpromisoa eskatzen zaie, besteak beste, bertso eskolako tartea antolatu ahal izateko.
Animatu eta eman izena, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera ederra izango da.