Azaroaren 29an jokatuko da Bilbon BBK Sariketaren finala
Amaierara heltzen ari da XXIX. BBK Sariketa. Azaroaren 29an, datorren astelehenean, jokatuko da finala Bilboko BBK Salan, 18:00etatik aurrera. Aurten finalera heldu diren talde biak Uribe Kosta eta Lea-Artibai izan dira.
Urriaren 8an hasi zen aurtengo sariketa eta lau kanporaketa eta finalaurreko bi jokatu dira. Astelehenean amaituko da Bilboko finalarekin.
Betiko antzera talde bitan kantatuko dute finalean ere: lehenengo A mailakoek, hau da, 18 urtetik beherako gazteek; ostean, B mailakoek, 26 urtera artekoek. Gainontzeko saioetan egindako ariketak egin beharko dituzte, baina agurra taldekakoa izango da. Bestalde, bakarka egin beharreko ariketa kartzelakoak izango dira.
Gonbidapenak, eskuragai
BBK Sariketaren finaleko sarrera doakoa da, baina gonbidapenak aurrez hartu beharko dira. Horretarako, lotura honetan dagoen formularioa bete behar da.
Saioa 18:00etan hasiko da, baina BBK salako ateak 17:30ean irekiko dira.