Azaroaren 29an jokatuko da Bilbon BBK Sariketaren finala

2023/11/27
Sagutxo kaskarinak, Errima ehiztariak, Pello Joxepak eta Izaron hautsak taldeek jokatuko dute eguaztenean Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finala.

Amaierara heltzen ari da XXXI. BBK Sariketa. Azaroaren 29an, eguaztenean, jokatuko da finala Bilboko BBK Salan, 18:00etatik aurrera. Aurten ere multzo bitan banatu dira taldeak eta 18 urterartekoetan Sagutxo kaskarinak eta Errima ehiztariak taldeak arituko dira kantuan. 18 urtetik gorakoetan aldiz, Pello Joxepak eta Izaron hautsak taldeek jokatuko dute.

Azaroaren 6an hasi zen aurtengo sariketa eta lau kanporaketa eta lau finalaurreko jokatu dira. Eguaztenean amaituko da Bilboko finalarekin.

Hauek dira A mailan kantatuko duten bertsolariak:

  • Sagutxo kaskarinak: Amaia Gallastegi, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz
  • Errima ehiztariak: Haizea Telleria, Enara Gallastegi eta Naroa Jaio

B multzoan hauek izango dira bertsolariak:

  • Pello Joxepak: Araitz Katarain, Ixone Asategi eta Irune Basagoiti
  • Izaron hautsak: Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Jokin Arriola

Gainontzeko saioetan egindako ariketak egin beharko dituzte, baina agurra taldekakoa izango da. Bestalde, bakarka egin beharreko ariketa ganbarakoak izango da.

 Saioa 18:00etan hasiko da, baina BBK salako ateak 17:30ean irekiko dira.