Aulestiko bertso barnetegiagaz emango zaio amaiera bat-bateko taldeen ikasturteari
Bizkaia osoko bertso eskoletako ikasleak gerturatuko dira Aulestiko barnetegira. Arratsaldeko bostetan dago hitzordua jarrita eta udako saioan gaztetxoen txanda izango da. Hogei bertsolari gaztetxo batzea aurreikusi dute antolatzaile lanetan ibili direnek eta uda garaia izanda, ekintza berezi eta freskagarriak antolatu dituzte.
Mendi ibilaldi eta hondartzarako irteera izango dira aisialdiarekin lotura izango duten ekintzak. Baina eguena izango da egunik beteena. Bazkal ostean ikastaro bi antolatu dira eta bertsolari gazte eta orain arte barnetegietan egon direnei ere luzatu zaie gonbidapena egun hori jai giroan pasatzeko. Arkaitz Estiballes bertsolari eta irakasleak “errimak lantzen” ikastaroa emango die gazteenei, bertso eskolako eguneroko beharrean lagungarria, eta Josu Telleria epaile eta irakasleak “epailetzaren hastapenak” ikastaroa prestatu du bertsoak epaitzerakoan erabiltzen dituzten oinarrien gainean berba egiteko.
Baina dena ez da ikastaroa izango. Gauean Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariak etorriko dira afalostea animatzera eta egunari amaiera ematera.