Atxuritik Bizkaia osora
Arantza Plaza gidari, Garcia Rivero ikastetxekoek, gai sakonak eta esangura handikoak landu dituzte bertsoen bitartez. Gazteekin, sentsibilizazio beharra egin da, beraz, bertsoaren bitartez.
Seigarren mailako bi taldek ikasten dute astero astero bertsolaritza Atxuriko Garcia Rivero ikastetxean. Guztira, 51 ikasle batu ziren irratsaioaren grabaketa egunean.
Irratsaioan abestu zuten bertso sorta aniztasun funtzionala duten umeei buruzkoa izan zen. Idazten hasi aurretik, asko landu zuten gaia eta pozik gelditu ziren egindako lanarekin.
Ikasleek beraiek esan moduan “Ume guztiok ez gara berdinak. Batzuek eragozpen fisiko handiak dituzte. Baina pertsona moduan, geure modukoak edo hobeak dira.”. Beraientzat dira bada, bertsoak.
Errukia soberan
isilik garrasi
eskubide guztiak
ozen adierazi.
Maitasuna emanda
musu onak bota
sentimendua dute
nahiz indarra falta.
Isilik bizitzea
arazoa bada
keinuka hitz eginda
bat egingo gara.
Euskara, gaztelera
ingeles, frantsesa
gor-mutuen hizkuntza
ez da hain nekeza.
Saiatu behar dugu
guztiei laguntzen
gurekin denak pozik
ibili daitezen.
Arazo asko dute
baina jator beti
munduan jende askok
behar du erruki.
Guk zortea daukagu
gaixorik ez gaude
beste batzuk, ordea
zorte hori gabe.
Atxuriko umeak
gatoz gaur batera
gor-mutuei bihotzez
kaixo esatera.