Astelehenean hasiko da Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketea

2022/11/04
Azaroaren 7an hasiko da Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketea eta abenduaren 1ean amaituko da, urteurren jai eder batekin.

Gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea.

Astelehenean, azaroaren 7an, izango da lehenengo kanporaketa Markina-Xemeinen, eta abenduaren 1ean jokatuko da finala Bilbon. Aurten, finalarekin batera, urteurren jaia ere egingo da. Aurkezpen prentsaurrekoan egon dira Oihana Bartra bertsolaria, Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko ordezkaria, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduraduna.

Oihana Bartrak hamar bat urtetan parte hartu duela aipatu du "Jendeaurreko nire bat-bateko lehenengo saioa BBK sariketan izan zen, Igorren. Beraz, nire oholtzaratze prozesuan oso presente egon da." Taldekako sariketa da hau, eta horrek baditu abantaiak "Lagunartekotasunaren eta taldean jokatzearen babesa" aipatu ditu Bartrak, eta hamar urtean maila pertsonalean ere egiten da ibilbidea "hasierako dardaratik geroko nolabaiteko lasaitasunerako ibilbidea". 

Txapelketaren egitura

Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute, bi multzotan:

  • A mailan: 18 urtera arteko hiru bertsolari
  • B mailan: 19 urtetik 25 urtera arteko hiru bertsolari

Aurten ere, azken urteetan moduan, sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dute parte, eta beraz, 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du, hurrengoak izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.

Bertsolari Gazteen BBK sariketaren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da. Hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera.

Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera.

 

Saioz saio, finalera arte

BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala.

Hurrengoa izango da egutegia: BBK 2022 egutegia

Entzuleei dagokienez, berrikuntza

Lehenengo faseko lau saioak eskola-ordutegian egiten dira, eta ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira.

Aurten, gainera, bi finalaurrekoak arratsaldez izango dira, eta euskaltegietako ikasleak izango dira entzuleak.

Edozein kasutan, saioak irekiak dira, eta gura duena hurreratu daiteke. 

Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Finala BBK Salan izango da abenduaren 1ean, 18:00etan hasita, eta sorpresaz betetako jai batekin borobilduko dugu.

Urteurren jaia

30 urteko ibilbidea egin du dagoeneko Bertsolari Gazteen BBK Sariketeak, eta hori ospatzeko ekitaldi berezia egingo da finalagaz batera, abenduaren 1ean. Bertan momentu hauetan guztietan sariketa honen parte izan diren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak... batuko gara, egindako bidea gogoan hartu eta ospatzeko. Sariketa amaitzeagaz batera, sorpresa txikiz beteriko egitaraua izango dugu. Protagonistak eskualde bakoitzeko bertsolari bana izango dira: Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria, Idoia Anzorandia eta Igor Menikaren gidaritzapean.